Errelatoaren soinu-banda

Disko adina liburu txarrez beteta dago mundua. Ezin esan espresio mota batek ala besteak eragin zuzena duenik ekoizpenaren kalitatean. Disko eta liburu eskasak egiten ditugu, hemen, han, edozein garaitan. Are gehiago, sormenaren ale “ustel” horiek, askotan, itzala lortzen dute jendartean, eta ondorioz, biderkatu eta masa-kulturaren beste esparru batzuetara egiten dute jauzi, eta gutxitan izaten da hasierakoa, lehenengo ale original hori, hobetzeko. Madarikazioa da, zein erraz zabaltzen den zabarkeria bazter hauetan. Eta guzti horri errelatoa deritzote.

Bai ditxosozko errelatoak badu, eta ez da txantxa, lotura estua sormen kulturalarekin. Ustez gure buruaren, historiaren, gertakarien irakurketa terapeutikoa, ariketa mediatikoa bihurtzea da, besteak beste, hura faltsutzeko urratsik eraginkorrenetakoa. Bakeroak onak, eta indioak gaiztoak, musulmanak basatiak, kristauak zibilizatuak, martzianoak itsusiak, lurtarrak ederrak… Nola ikasi ditugu horiek?

Beraz, utzi galdetzen, oso garrantzitsua iruditzen baitzait, zer soinu banda jarriko ote dioten Patria telesailari. Bai, zalantzak ez dit lo egiten uzten, zeren eta, ikusita zer lehengai literariotik abiatu diren, beldur naiz telesaileko pasarteak janzteko erabiliko duten musikak gutxieneko baldintzak, (entzungarritasun aldetik, istorioaren eta historiako pasarteekiko loturaren aldetik) beteko dituen.

Dardar batean nago! Beraz, lagunok, zergatik ez dugu sortzen plailyst bat? Zuk zer kantu aholkatuko zenieke Patriako ekoizleei? Ziur burura etortzen zaizula baten bat.

GARA 2019/06/20

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up