Azkenean lortu duzue, 500 poliziek, 2000 irakasle eta 35.000 ikaslek, 70 kazetari eta 150 mojek, alderdi orotako 176 zinegotzi eta 300 seminaristek. Lan bikaina egin duzue era eta kolore guztietako 865 funtzionarioek, 103 sindikalista eta 3240 erretiratuek, 291 dinamizatzaile afizionatu eta 172 profesionalek. Hamarnaka musikarik, rockero, jazzero, folki, hivy, trikiti-jotzaileek, afizionatu eta profesionalek. Eskerrik asko denei, telebistako 25 aurkezleei, 93 abesbatzei, 15 otxoteei, 53 laukoteei, 80 bikoteei eta, noski, bakarlariei. EITBri, Youtuberi, Facebook, Instagram eta Twiterri. Musu bat denoi, azkenean, lortu duzue kantu bat gorrotatzea. Lehenengoa ene bizitzan.
Ez hartu txarrera, ez da drama bat, noizbait gertatu behar zitzaidan, eta zer. Ez penatu nirekin eta are gutxiago haserretu, baina marka da hainbeste estiloetako, lekuetako, garaitako, joskeretako, milaka eta milaka kantuen artean, lehenengo aldiz honekin gertatzea. Egia da, kantu asko ez ditut maite (batzuk nik egindakoak). Horietatik gehienak ezin ditut osorik entzun eta bada, bereziki, higuina eragiten didan kantu-multzo bat (ez dakit, Espainiako ereserkia topikoetara jota). Baina gorrotatu, sekula ez dut gorrotatu kanturik.
Sentsazio berria da niretzat, ez zait eskopeta hartu eta Mercadonaren batean tiroka hasteko gogorik sartzen, intentsitate baxuko gorrotoa da, gogaitzearen hurrengo maila. Ziurrenik, kanta, kantari eta egileekin zer ikusi gutxi duen albo-kaltea. Baina hala da, beraz, ofizialki azaltzen dut gorrotatzen dudala Lau Teilatu kantua.
GARA 2019/12/26