Gasteizen, azkenean!

(Ardoarenak -5) Testu hau idazteko ez diogu, berariaz, inongo tabernariri tratu txarrik eragin. Hori bai, zizerone/konplize  txukunak  eduki dizkiagu ; Jon eta Imanol, haien pazientzia handia da. Hauxe da, bestalde, testuan zehar erabilitako ardoen zerrenda: Dominio De Berzal, Hermanos Frias Del Val, Artuke, Betikoa, Matapajas, Viñas del Vero, Don Peduz, Ostatu… eta identifikatu gabeko beste bizpahiru… edo gehiago.

Ez da posible
bigarrenez galdu diagu autobusa jarraian
Gasteizek ez gaitik joaten utzi nahi
egoera azaltzeko oso modu poetikoa duk
baina egia esateko
uste diat Parralen hartutako Somontanoak egin digula kaltea
ez zegoan txarra
baina Errioxako urtekoekin ari gintuan
eta arriskutsua izan ohi da ardoak hainbeste nahastea
sinesten duk patuan
behin hemen egonda
beherakoan nola ez hartu La Riojanako bihurgunea
nola ez egin aiztogile kalean ezkerretara
krimena litzateke solasa hemen etetea
pixka bat aurrerago egin behar
inspirazio-bila
ardo onak areagotu egiten dik talentua
eta 
zoritxarrez 
ez zegok bestelakorik kale honetan
ohartu al haiz
gutxienez hirurehun botila ezberdin zeudek apal horietan
geratuko al gaituk hemen bizitzen
mereziko likek ahaleginak
nori bururatu zaiok orain ondua eskatzea
probatzeko duk motel
ea zein den aurrekoarekiko aldea
ados baina bazkaltzeko 
berriro 
urtekoa
eta non bazkalduko diagu
hartu beharko diagu beste bat
gaur dena lepo zegok
probatuko al diagu bertan
ederra zegok hau
sumatzen zaiok Villabuenakoa dela
hi bai mutur-fina
hortik ekartzen zian gure osabak 
urtero egiten diagu bodega bertan
ardoa gauza ederra duk
mahai bat libre zegok parekoan
aiba
hau ere txukuna duk
busti ogia albondigen saltsan
azkenean ez gaituk iritsiko Hala Bedira
eserita gaudek behinik behin
eta kafearekin ardoa 
ez al duk nahikoa edan
dastatzera etorri gaituk
orain ezingo nikek jasan pattarra
euria hasi dik
goxo egoten duk bertan
zer ordutan zeukaagu autobusa
laster  hartu beharko diagu tranbia
bai horixe
garaiz itzuli behar diagu etxera
 
pero se os ha ido hace un minuto
 
ez eskatu logikari gupida
bigarrenez joan zaiguk autobusa

pero se os ha ido hace un minuto
 
behin Gasteizera etorri
eta bertatik ezin irten
ezingo diagu berriro itzuli
ez baziguk joaten uzten
 
eskerrak
erreza duk topatzen geltokiko taberna
 
 
 
 
Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude