Xabi

Ez uste, ez daude hainbat ezberdintasun arotz eta luthier baten artean. Aroztegiari adina zerrauts usaina dario luthierraren tailerrari. Biak ala biak daude “profano” bati izendatzen lanak emango lizkioketen forma askotariko lanabes txiki eta ertainez betea. Hemen eta han, gainean eta azpian. Espazio txikiren bat badago, bada han, hutsunea betetzen, egurra lantzeko, laztantzeko, mozteko eta berrosatzeko erabiliko den tresnaren bat. Kaosa irudituko zaizu, baina kaosetik sortzen omen da edertasunik handiena.

Ez, ez dago hainbesteko alderik. Amantal urdinak, esku trebeak eta pazientzia tona bat. Sekulako gaitasuna iruditzen zait inori bizitza gozatuko dion zerbait eraikitzea. Armairua edo biolina, eskusoinua edo sekretuak gordetzeko kutxa txiki bat. Ba al dago alderik artisauaren eta artistaren artean? Ez dut askorik ikusten. Are gutxiago, luthier bat ikusitakoan lanean.

Gehiago baloratu beharko genuke arotzaren lana. Izugarria da eskuz egindako mahai bat. Miresgarria baino ezin du izan, ordea, soinuak, notak, akordeak, melodiak harilkatuko dituen tresnaren bat eraikitzea. Piezaz pieza osatzea, moldatzea, gogor eta gozo, oihalez eta zerraz egurrari, basoko umiltasunetik atera, eta are jomuga “altuagoa” ematea. Norbaiten amets, desio, gogo, haserrearentzako aterpea izango da. Kantatzeko, oihukatzeko, xuxurlatzeko aitzakia emango dio norbaiti. Norbaitek gordeko du bere jabego preziatuenen artean. Bai, Xabi arotz bikaina izan zitekeen; zorionez, guretzat behintzat, luthierra da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up