Aspaldiko partez, telefonoa itzali nuen gauez

Atzo kalean, gaixoak eguneko zentrotik etxera eramaten dituen furgoneta pasa zitzaidan albotik, eta ez nintzen larritu. Duela bi urte ez nien kasurik egiten, ez nituen ikusten, ez ziren existitzen. Duela bost hilabete, berriz, lasterka hasiko nintzateke, ama etxeko atarian jasotzeko beranduegi nindoalako. Ene beldur ohikoenetako bat zen, furgoneta iritsi eta inor ez egotea hura hartzeko. Baina, zorionez, ez zitzaidan sekula gertatu (harrigarria ene puntualitate lausoa kontutan hartuta). Zaintzaren ondorio onuragarriak, inondik inora.

Oraindik gogoan dut, hainbat urteren ondoren, telefonoa gauez itzali nuen lehenengo aldia.  Hobeto lo egin nuen, behintzat, banekien ez zuela joko desordutan, telefonoek bakarrik berri larriak ematen dakitenean. Haserrearen eta izuaren arteko salda beroa borborka jartzen dute horrelakoetan. Okerrena hauxe da, ziur zaudela inoiz gertatuko dena, baina ezin igarri noiz. Ditxosozko telefono-deia gauaren erdian.

Beste behin, ohiturari jarraiki, euri txikia ari zuela-eta, autoraino joan, zabaldu, eseri, giltzak sartu eta abiaraztera nindoanean, une batez pentsatzen jarri, giltzak atera, altxatu, autoa itxi eta atzera itzuli nintzen, etxera. Orduan ohartu nintzen, egunerokoan, ia bakarrik amarenera arin jaisteko erabiltzen nuela autoa. Asteazkena zen.

Orain bakarrik hartzen dut goizeroko lehenengo kafea, nahiz eta bi eskatzeko tentazioa eduki. Duela astebete atera nuen gerriko poltsatik, emergentziazko “pastilero” txikia. Egunsentiei argazkiak ateratzeko gogoak sumatzen ditut, eta goizetan bizikleta, bere kabuz,  gurasoen etxerantz eramaten saiatzen da batzuetan, eskerrak garaiz ohartzen naizen, bestela kilometro pare bat gehiago egin beharko nituzke lanerako bidean. Dolua igaro behar da.

Heriotz-modua ala bizimodua? Luzea denean, bederen, gaixotasunak (zer esanik ez zaintzak) gehiago du bigarrenetik lehenengotik baino. Oharkabean, egunerokotasunean txertatuko zaizu, zure ohituretan, baita intimoetan ere eragingo du, eta hein handi batean “bestelakotu” egingo zaitu. Ziurrenik, gainera, ez duzu denborarik edukiko konturatzeko, zaindutakoa falta denean, bakarrik, gertatuko da hori, eta oso detaile txikiek adieraziko dizute, gainera.

Adi egon.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up