Çiğdem Aslanen bigarren disko luzea

Hauxe da Çiğdem Aslan kantariaren “A Thousand Cranes” diskoaren gainean Berrian argitaratutako iruzkina.  Kurdiar jatorriko kantariaren bigarren lan luzea da, eta aurrekoaren bidetik aipamen bikainak jaso zituen, 2016ko diskorik onenen zerrenda gehienetan agertzeraino.


MUGAK, ATEAK, ZUBIAK ETA HARRESIAK

Batzuetan muga, beste batzuetan zubi, Grezia eta Turkia arteko itsasoa, joan-etorri ugariren lekuko izan da betidanik. Ate eta harresi, historiaren bilakaeraren arabera zenbatetan ez ote duen hartu bata ala bestearen antza. Musikak ere horretaz hitz egiten du, eta ziurrenik Rembetikoa izango da gora behera horien guztien berri hobekien adierazten duena. XIX. Mendearen amaieran, Turkiatik, estatu-arrazoiak medio, indarrez botatako Grekoek, haientzat deserria zen Pireoko tabernetan garatutako musika kaletar eta izen txarrekoak, loraldia ezagutu d

u azken urtetan. Grezia eta Turkia, beti izan dira Asia eta Europaren arteko muga, gutxitan ordea, hain modu bihozgabe eta kriminalean.

Rembetikoaren gaineko “monografikotzat” jo genezake Çiğdem Aslam, Istambulen jaiotako jatorri Kurduko kantariaren Mortissa lehen disko arrakastatsua. Diskoaren itzalak, nolabait ere, Rembetikora hurbil-arazi zuen hainbat entzule “berri”. Kantariak egindako irakurketa oso tradizionala izanda ere. Londoneko eszena “balkanikoan” izena egin zuen Çiğdem Aslamek, batik bat, She’koyokh taldeari esker. Han “aurkitu” zuen Europa ekialdeko doinuetan espezializatutako Asphalt Tango diskoetxeak (Fanfaria Ciocarlia…), eta 2013an lehen bakarkako lana kaleratzeko aukera luzatu zioten.

Lehen disko luze horren haria jarraitzen du, baita bigarren honek ere, baina ikuspegia zabalduta. Rembetikoa da, oraindik orain, A Thousand Cranes honen zutabeetako bat, baina ez bakarra. Balkan aldera ere jotzen baitu eta baita hego-ekialdeko Anatoliara ere. Aurrekoan egindako irakurketak jarraitzen du, tresna tradizionalak erabiltzen ditu gehienbat, bere ahots sarkorrari paisaia ezin hobea eskaintzen diotenak; kanun, mandolina, bouzouki, biolin, perkutsioak… Haiekin uztartuta agertzen diren piano, txelo eta baxuak gorpuzten dute diskoaren aldarte musikala. Ezin hobea kantuen dramatismoa azpimarratu eta hasperenak, kasik, garrasi bihurtzeko.

Nikolaos Baimpas zuzentzen duen taldeak, hala eta guztiz ere, badu betarik jazz inspirazioko inprobisazioetatik jasotako ukituak gehitzeko, han eta hemen, ez oso modu nabarmenean, dena dela. Esan daiteke zapore handiko lana dela, entzunaldiak aurrera joan ahala sartzen den horietako, esango didazue bestela To Minori tis Auigis kantura iristen zaretenean. Disko bukaeran dago, beraz beste guztia gozo entzun aurretik. Besterik ez bada, Theodorakis jaunak bere lanik entzutetsuenak grabatu zituen Atenaseko AntArt estudioetan grabatuta dagoelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up