Aitortzen dut entzunaren entzunez, gorrotatu dezakeedala, azkenean, baita munduko kanturik onena ere. Horixe gertatu zait amaitu berri den azken Korrikaren ereserkiarekin. Hamar egunetan, modu indiskriminatuan hamaika aldiz eta hamaika lekutan entzun ondoren, nola ez hartu herrarik bada.
Genero oso bat osatzen dute gurean horrelako ekitaldi, ekimen, bilkura, egitasmoetarako apropos idatzitako kantuak. Eta haren azpigenero nagusia osatzen dute euskararekin lotutako ekitaldietarako idatzitakoek. Horrela, boteprontoan, gutxienez 5 urtero (Kilometroak, Herri Urrats…), beste bat bi urtero (korrika), eta gehitu haiei aldian aldiroko kanpainak. Hain ugariak gurean.
Ba al dakizu zenbat intentzio oneko kantu, alai eta erakargarri, mezu baikor eta errezekoak, erritmo arin eta itsaskorrekoak behar diren euskal jendartearen behar hau asetzeko. Imajina al dezakezu, zer nolako ahalegina, musu-trukekoa gehienetan, eskatzen dien kolore, gustu eta estilo ezberdineko musikariei? Zenbatek ikusmiratzen duen haren lana, eskatzailearen asmoetarako aproposa dela ebazteko? Hori guztia kontuan hartuta, uste dut herri-mugimenduaren eta musikarien arteko sinbiosi moduko honi, duen garrantzia aitortu behar zaiola, eta behin hori eginda, aztertu, zaindu, lagundu. Horregatik proposatzen dut euskal ereserkien osasun egoeraz arduratuko den akademia osatzea. Guztion onerako izango delakoan.
GARA (2017/04/13)