Hori zortea; paseoak tokatu zaizkit

Ez da harritzekoa askok pentsatzea sekulako pagotxa nuela, zaintzaren alderik eramangarri eta atseginena tokatu zitzaidalako; amarekin paseatzea, hori ez duk lana. Neurri batean neuk ere horrela sentitzen nuen, nahiz eta astebete lehenago ez imajinatu munduan inongo arrazoirik goizeko 7:30ean, kale gorrian, paseatzen jarriko ninduenik.  Beno, gerra nuklear batetik ihes egitea, agian.

Negu ala uda, hotz ala bero, argi ala ilun, gu tipi-tapa, tipi-tapa.

Ez zen, ordea, egiten genuen gauza bakarra.

RIVASTIGMINA

Eguneko lehen ariketa; non dago kartera? Etxetik atera baino lehenagoko goizeroko erritualaren azken urratsa zen. Txamarra (berdea) jantzi behar zuen, eta gero, kartera bilatu eta ibiltzeko erabiltzen zuen mendi-poltsa txikian sartu. Erraza dirudi, baina ez du zertan hala izan. Hiru leku posible zeuden kartera topatzeko; sukaldeko ate atzea (zuzenean poltsaren barnean uzten zuen azken aldian), mesanotxia (leku egokia bere jabego preziatuenarentzat) edo hozkailu ondoko armairuko lehen apala.

Ordena horretan begiratzen zituen hiru lekuak, lan horretan erabat kontzentratua. Ate atzean ez bazen, logelara eta logelan ez bazegoen sukaldeko armairuan egon behar. Eta han ere ez bazegoen, ai ama!! Orduan bai krisia. Burutik pasa daitekeen  etxeko beste edozein lekutan egon zitekeen (edozein lekutan bere zentzurik zabalenean hartuta). Espero zitekeenaren kontra, urte guzti hauetan hiruzpalau aldiz baino ez zitzaigun gertatu kartera topatzeko erreskate-operazioa abiatu beharra.

Normalena zen, kartera topatu, zabaldu, etxeko giltzak bertan zeudela begiratu, sosen bat bazuela baieztatu, itxi eta poltsan sartzea. Hori bai, batzuetan nahastu egiten zen poltsa lepotik zintzilikatzerakoan eta lagundu egin behar zitzaion pixka bat. Baina kartera eta giltzak ahaztu? Sekula! Haiek izan ziren amaren autonomiaren ikurrak, azken egunetaraino.

Kartera eta giltzak ahaztu baino lehenago ahaztu zuen hizkuntzaren erabilera..

DONEZEPILO

Goizeroko bigarren ariketa,  etxeko atea ixtea (bi buelta emanda, beti, erakutsi zigun bezala). Lehenik eta behin, hiru giltzetatik zein zen asmatu behar, – ez dago probatzea baina gauza hoberik, hau ez bada hurrengoa izango da- esaten nion, lehenengoarekin ezin zuela ikusi eta laguntza eske begiratzen zidanean.

Denborarekin gaixotasunak areagotzen zuen dardarizoak konplikatzen zuen guztia.  Ongi apuntatu beharra zegoen giltza egokia sarrailan sartu ahal izateko. Baina honekin ere, gehiago ala gutxiago kostatuta, ez zuen arazo handirik eduki azken bi hilabete arte.

Egina, etxetik kanpora geunden, orain zetorren zailena.

MEMANTINA

Hirugarren proba, igogailua. Kalera joateko gogoz zegoelako edo, sekula ez zitzaion ahaztu zein botoiri eman behar zion igogailua eskatzeko (ez zen oso zaila, bi botoi baino ez zeuden). Hori bai, batzuetan hantxe geratzen zen metalezko ate aurrean jarrita, igogailuaren zain – botoairi eman al diozu?- galdetzen zenion arte.

Ondoren, benetako erronka zetorren, zein zenbakiri eman atariraino jaisteko. Hori bai abentura… Zenbakiak esaten/ulertzen zituen bitartean, errazago izan zen, gero, oso azkarra zen ama, uste dut radar bereziren bat erabiltzen zuela, ohiturarena, hain zuzen ere asmatzeko. Hark, eta garaiz botatako pista batzuk gidatzen zuten eskua zegokion botoiraino.

Badaezpada ere, ez baitzegoen erabat ziur, ukitu baino lehen galdetu egiten zuen, ziurtatzeko botoi egokia zela. Ez zitzaidan sekula haserretu, baina haren pazientzia gutxia (Alzheimerrak eraman zuen guztia) proban jartzen nuen goizero, batik bat, botoi zuzena zein zen esan beharrean -lasai, zer gerta daiteke? Agian goiko pisuan agertuko gara- bezalakoak esaten nizkionean.

Tortura psikologiko txiki hau pasa behar zuen amak goizero, atarira jaitsi eta atea zabaldu ondoren, kalera iristeko.

Goizeroko lehen botikak ziren hauek. Suspertzekoak, hain zuzen ere. Paseoa hasi aurretik hartzen zituenak.

Behin kalean abenturak jarraitzen zuen; autoak kontatzen, pankarten testuak ozen irakurtzen, egunkaria ordaintzeko txanponak bereizten… Baina hori beste baterako utziko dugu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up Scroll Up