Trikitiaz

Oso aditua ez izan arren, eta beraz, hein handi batean, kanpotik begiratuta, badirudi zerbait mugitzen ari dela trikitiaren munduan. Zer ikerketa serioa egin dudan hori ondorioztatu ahal izateko? Bada, azken hilabeteetan komunikabideetan, beno, euskal musikari tarteren bat eskaintzen dioten komunikabideetan esan nahi nuen, agertutako hiru berri jaso eta bata bestearen alboan jarri ditut, alderatu ahal izateko.

Lehenengo berriak Joseba Tapiaren “Larreko Eskolatik” liburua du aipagai. Bigarrenak Huntza taldearen “Aldapan Gora” kantuaz jarduten du eta, azkenak, hainbat urteren ondoren, euskal trikitiaren errolda burutu ahal izatearen “balentria” azpimarratzen du. Musika zaletasun eta irakaskuntzaren gaineko hausnarketa, dantza-musikarentzat ezinbestekoa den arrakasta eta egiten dugunaren ispilu den datu-bilketa. Kuriosoa gertatzen da hain denbora gutxian hain berri pozgarriak, bata bestearen segidan jasotzea. Baina, hiruretatik zein da esanguratsuena?

Hausnarketarik gabe bizi, edo gutxienez biziraun daiteke. Kaskoa berotzeak buruko-mina baino ez du ematen askotan. Gehienetan ez dakigu oso ongi zertan ari garen, baina aritzen gara, ez dakigu oso ongi aurrera edo atzera goazen, baina bagoaz… ehunka lagun, hemen eta han. Datuak paperean idazten diren zeinuak baino ez dira. Ai ama, baina arrakastarik gabe, arrakastarik gabe ezin bizi. Nork hitz egingo luke berriro trikitiaz Huntzak ez balu udako-kantaren iritsiera hilabete batzuk aurreratu? Horixe, trikitilariak eta aditu batzuk.
(GARA  2017/04/27)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up