Amaren irakurgaiak

Autobus bat igaro zen eta barreari ekin zion. Barre gozo eta lasaia. Jendaurrean alai sentitzeak eragin ziezaiokeen lotsaz libratutakoa. Azken garaietako barre hori bera.

Ustekabean harrapatu ninduen, Zinko-enea erdian. Jendea suspertzen ari zela, gero eta gehiagok gurutzatzen gintuen ezker-eskuin, trafiko, gero eta ugariagoarekin oreka zailean. Zeri egiten zion barre?

Autobusari so egin nion. ALEGRIA konpainiakoa zen (hizki handiz idatzia zeukan sabelean), amak hitza errepikatu zuen ozen -ALEGRIA!- niri txistea azaltzeko, jakina. Eta barre egin zuen berriro.

Neuk barre egindakoan, begirada lurrera zuzendu zuen, ohikoa zen moduan, eta aurrera jarraitu genuen. Amak irakurgai berri baten bila egiten zuen begiak lurretik altxatzen zituen guztietan.

Hizkuntza galdu zuen, poliki hasieran, abiada bizkorrean, gero. Tamaina berean, gaixotasun-urteek egutegia azkarrago betetzen zutela zirudien. Baina, harrigarria zen nola eusten zion irakurtzeko gaitasunari. Ez galdetu irakurritakotik zenbat barneratzen zuen, hori misterio bat zen gehienetan.  Are gehiago, hizkuntzarekin jolasteko gaitasuna handitu zitzaion, adibidez, hitz berriak asmatzen zituenean. Gero eta maizago, azken aldian eta dena irakurtzen zuen ozen.

Pankartak irakurtzen genituen, lurrean topatutako paperak, atarietako eskuz idatzitako txartelak, autobusen “goiburuak”, jertseetako logoak eta denden izenak, markesinetako iragarkiak, letra handiz idatzitako edozer.

Askotan saiatu naiz irudikatzen, gerra amaitu berritan, Harriatsuko eskola txikian amari irakurtzen irakatsi zion  irakasle frankista. Lan ona egin zuen, inondik inora.

Gero eta gehiago kostatzen zaio
hitz egitea edo botoiak lotzea
egunero ahazten du zerbait betirako
baina ozen irakurtzen du oraindikan
eta dena irakurtzen du azkarregi igarotzen ez bada
zuhaitzetan zintzilik hormetan itsatsita

kalea liburua da irakurle trebearentzat
irakurgai egokia amaren begientzat

Etxegoien okinak onena haragiak
goizero xigortzen dugu kafea
Donostia Hernani Urnieta Andoain
etxean nahi ditugu-eta
txakur bat galdu da.. bostak iturkinak
arreta handiz eta ozen esaten ditu amak

kalea…

igarotzen diren ibilgailuak
irakurtzea maite du gehienbat
esaldiek ihes egiten diote
semafororik ez bada tartean
jakirik onpoli hernanitsero igel
garraiolantzia eraikunabere

kalea…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up