Anatoliako kantautoreak

Ulas Özdemir
Traces Of Asik
Buda 2017

Anatoliako kantautoreak

Kantautoreei dagokienez, songwriter anglosaxoiarena da gurean hedatuen dagoen “formula” (Dylanen ondorengoak). Baina ez da formula bakarra, ezta gutxiagorik ere. Beste garai batzuetan, adibidez, itzal handiagoa eduki dute gurean Hego Amerikatik heldutakoa: Victor Jara, Violeta Parra (hortik dator egun erabiltzen dugun izena) edo Europako beste lekuetatik Frantziar estatutik, adibidez, iritsitakoa: Jackes Brel, George Brassens. Ezberdintasunak nabarmenak dira eta espektroa asko zabal daiteke. Maliko griotak ere, hein handi batean, ez al dira kantautoreak? Ezin al dira kantautoretzat hartu, joik kantari Samitarrak? Ados, asko dago hitz egiteko gaiaren gainean, baina ez pentsa begi bat blues akustikoan eta bestea herri musika zurian jarri, eta gitarra akustiko bati itsatsita bizi den kantariarena denik, kantautore izateko modu bakarra.

Adibide ezin hobea eskaintzen digu horretarako Ulas Özdemir Turkiarraren hirugarren lan luzeak. XIX. Mendeko “Asik” trobadoreen musikak eta poesiak hartu ditu inspirazio iturri, erabat gaurkotua gertatzen den kantu-sorta hau sortzeko. Berak kantatu eta jotzen ditu tresna guztiak, hainbat baglana (bouzukiaren lehengusu Turkiarra), alegia; sazia, cura eta divana. Eta lan indartsua ondu du. Zuzenean bat egin dezakeena kantautore rockerrenekin, Frank Turnerrek Anatolia deskubritu izan balu bezala. Horretan zer ikusia du, baglana jotzeko modu sinkopatuak, melodia baino, erritmoa etengabe azpimarratzen baitu, eta baita ere, ahotsarekin hega egiten duten melodia errepikakorrak, lelo askotan lehertu egiten direnak. Denak du ukitu “primitiboa” (barkatu abizena), eta horretan datza lanaren erakargarritasun nagusiena, nahiz eta Istanbul bezalako urbean burututakoa izan.

Anatoliako Alevien musikak hartu ditu oinarritzat Traces Of Asik honetarako, finean, haiengandik dator Turkiako Sufi musika mota honen ondarerik emankorrena. Badakit, bere horretan, mendebaleko entzule batentzat oso motibagarria ez dirudien abiapuntua dela. Baina benetan, oso erakargarri, eta une batzutan kasik hipnotikoa bilakatu du Özdemir jaunak, horretarako, diskurtso musikal-poetikoa eguneratu eta gaurkotasunez jantzi baitu. Uste dut, bi gauza komeni direla horrelako disko bat dagokion bezala dastatzeko. Lehenengoa, kontuan hartu musika Turkiarra dela eta ez musika Arabiarra, bien artean ez baitute zer ikusi handirik, horrek topiko bat baino gehiago eranzten lagunduko dizu. Bigarrena, beste edozein kantautoreren lana balitz bezala dastatu, ez da disko etniko bat. Ea zer moduz moldatzen zaren.

Berria (2017/06/04)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up