Kantutegitik kendu

Direla aste pare bat Onintza Enbeitak Euskadi Irratian zerrendatu zituen euskal kantutegitik kenduko zituen kantuak. Zerrenda ikusita berarekin bat natorrela uste dut, nahiz eta 10eko zerrenda labur antzekoa gertatu. Kontua ez da,dena dela, kantuak inondik kentzea, lehenik eta behin, ezinezkoa delako. Behin horrelako batek lekua hartzen duenean “inkoziente kolektibo” deritzon horretan, akabo, ez dago ateratzerik, gozo geratzen da, han, belaunaldiek kantatuko dute, gurasoek alaba-semei erakutsiko dizkiete, ikastolan landuko ditu intentzio oneko irakasleren batek. Ederki transmitituko dira, urtetan, akaso mendeetan.

Bestaldetik, kantutegiak, ezin dute norbanakoaren gustukoak izan, ezta industriaren gustukoak ere, are gutxiago botereraren gustukoak. Kantutegiak, benetakoak, funtzionatzen duteak, paperetik kale-kantari taldeetara jauzi egiten duenak, afaritan kantatzen dena. Hori, beste gauza bat da. Nahiz eta gorrotagarria gertatu askotan, adibidez Txantxibiri kantatzen dugunean Errioxako upategira goazen bakoitzean. Herri kantutegiak horrelakoak dira, oso demokratikoak (masa komunikabideen esku-hartze masiboa alde batera utzita, behintzat).

Gure aurrekoek egin zutenaren ondorio musikalak jasan baino ezin dugu egin, eta gureak trasladatu ondorengoei, nahiz eta, jakin ezazu zer esango duten Patata Tortilla lelotzat hartu duen belaunaldi batez. Haiek jaso eta jasan egin beharko dute aurrekoen erabaki hori, kantutegia bizirik badago bederen. Eta uste dut hortxe dagoela koska. Zenbat berritu da kalez kale kantari biltzen direnen kantutegia azken 10 urtetan? Ez al dago dinosaurio zaharrei (kantuez ari naiz) lekua kenduko dion kimu gazterik?Zer demonio egin behar da kantutegi moldakor, eta beraz, osasuntsu bat edukitzeko? Lehenik eta behin, kantatu, Ez ahaztu hori.

GARA 2017-06-08

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up