Inbaditzaileak

Konturatu al zara gero eta musika gehiago entzuten dela kalean? Ez ez naiz ari edozein unetan edozein lekutan ustez konpainia egiteko, gehiago erosteko, lasaitzeko, jartzen dizuten musika, gehienetan, jasangaitzaz. Kontu hori askotan aipatu dugu hemen. Modu “boluntarioan” entzuten den musikaz ari naiz. Norbaitek aukeratu eta bere gailuan entzuten duen musikaz, hain zuzen ere. Smartphoneen zabalkundeari zor diogu bizkarrean eraman beharra zegoen “irrati-kasseteen” berpizkunde hau. Bost hazbeteko pantailadun aparailuek hartu diete lekua, garai batean, garraiatzen zailak ziren Sony eta Sanyo ikusgarri haiei. Gogoan dituzu? Ez? Boligrafo bat eta “kassete” zinta bat aurrean jarrita zer egin ez dakien horietako bat zara, ala?

Alboan pasatzen zaizkit, etxe aurreko eskaileretan esertzen dira, udaletxe-azpiko arkupetan daude, doako wifiari tiraka. Denek daukate eskumuturra oker, aparailua besteen belarrietara errazago hurbiltzeko edo. Denek entzuten dute adi bozgorailu eskasak, inongo kalitaterik gabe, eskaintzen duen musika hori. Leloak errepikatuko dituzte, ozen. Taldean ari dira eta desafio keinuak ikusiko dituzu begiratzera ausartzen bazara. Ederra da. Zer entzuten duten ez dakit, batxata enpalogoso-erotiko horietako bat.

Miresten nuen, beti pila gutxi zituen kassetea bizkarrean, Camaron abiadura aldakorren Tilosetan geunden guztioi jartzen zigun ijito gaztea. Baina zer nahi duzu, egun, bluethoot bidezko bozgorailuek inbaditu gaituzte, eta askoz ere musika okerragoa dute sabelean.

GARA (2017/06/22)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up