Argitaratu gabeko kantu bat agertu da ustekabean


Gertatu behar zitzaidan, ziur, ezin beste modu batera izan, hainbeste urte kantuekin gora eta behera, inoiz agertu behar zen, inon, ahaztutako kantu argitaragaberen bat. Ez dakit zenbat kantu egin ditudan ene bizitzan, ehun  baino gehiago, eta hauetatik gehienak diskoetan topa badaitezke ere, badira dozenatxo bat edo, beste helburu batekin eginak eta sekula ene diskoetan agertu ez direnak. Oso opari “resultoiak” dira kantuak, hainbat kausetatik eskatutakoak, euskaltegiko ikasleekin landutakoak… Horixe, dozena bat edo. Kontua da ez ditudala denak buruan eta horrela gertatzen zaizkit horrelako ezusteak.

Lagun batzuk, aspalditik, dute atseden-etxe bat Gilluen (Sabiñanigo inguruan abandonatutako herri bat). Oso maiz joaten ginen hara, garai batean, urtean behin edo gehiagotan. Hain ongi tratatzen gintuzten, hain ongi egoten ginen bertan, kantu bat idatzi niela oparitan, esker-ona agertzeko asmotan. Kantua egin, etxean grabatu eta halaxe eraman genien oparia duela 10 bat urte edo.

Gauza da, azken 5 urtetan ez garela joan bertara, eta bien bitartean erabat ahaztu nuela kantua, gaur egun izerdi pixka bat egin beharko nuke akordeak ateratzeko. Buru txar hau!! Eskerrak, azkenean tarte bat hartu eta joan den astean itzuli ginen Gilluera. Harrigarria, Haizea, bertako alabak, gogoratu egiten zuen kantua, eta joan denekoan, afaloste gozagarrian ari ginenean, jarri egin zigun. Gogoratu eta gorde egin zuen kantua, are gehiago gogoan zeukan non zegoen! Benetan, pixka bat emozionatu ninduen kontuak.

Kantua entzundakoan, berriz, hasierako susmoak baztertuta, gustagarria gertatu zitzaidan, eta horregatik erabaki dut hemen partekatzea.  Neuk egindako opari bat itzuli egin didate opari gisara, ez al da kuriosoa kontua. Bumeran musikala!

Kategoria: Bestelakoak, Musika Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude