Ereserki bat idazten saiatuko naiz, eta horretarako, beharko ditut heroi anonimoak, egun gogoangarriak, asmo bikainak eta gogoak borborka. Beharko ditut, besteak bezala, 24 ordu dituzten ezusteko borroka-egunak eta kalean gozatu beharreko kantoi mordoa. Beharko ditut etorkizunari baikortasunez begiratu ahal izateko begi errugabe xamarrak, indarrez etengabe kargatzeko bateriaren bat (edo gehiago) eta begirada-ezezagun mordoa. Beharko ditut, jauziak, lasterraldiak eta porra-kolpeak, aparteko gorputzetako izua, haserrea eta harridura.
Zoritxarrez, ezinbestekoa izan beharko du martiriren bat ala beste goizaldean, malko litro batzuk eta samin apurren bat, ez baita ereserki onik dramarik gabe (nolanahi ere, generoaren eskakizunak dira), nahiz eta, batere, ez maite operak.
Ereserki bat idatziko baitut, olio, arroz eta gatz usainekoa, elurretako etxoletatik behera egingo duena, eta bidean bazterrak argituko dituena, hiri bazterretaraino. Auzoetako sukaldeetan babestuko dena, aldian isil eta aldian nabarmen ibiliko dena, itsasorainoko bidean etengabe haziko dena. Eskuz eskuz joateko moduko ereserkia izango da, eramangarria, hitz gutxikoa, isiltasun handi baten antza hartuko duena, oihu ikaragarri bihurtzeko ezustean. Lotsarik edukiko ez duena. Inoren baimenik beharko ez duena.
Eta badaezpada ere, egunerokotasunaren orrietan idatziko dut, historiagileek baitu ez dezaten, kazetariek galtzera bota ez dezaten, norbaiten patrikan bidaiatu dezan. Ereserki txiki bat izango da… katalanentzat.
(GARA 2017/10/13)