Neuk ez dut seme-alabarik, gurasoak ditut, erantzuten nien, bere bizimoduaren petralaz etengabe kexatzen ziren guraso lagunei. Ez dakit ulertzen ninduten, haiek bere mundu paralelo horretan bizi ziren, non badirudien umeekin zer ikusirik ez duen ezerk ez duela zentzurik. Ez dakit zergatik pentsatzen duten haiek direla munduko zaintzaren ardura bizkar-gainean daramaten bakarrak. Azken finean, hotzean begiratuta, hainbesteko aldea dago zure seme-alabak, edo zure gurasoak zaintzearen artean? (Batek baino gehiagok maskotak ere gehituko lituzke zerrenda honetan). Uste dut ezetz.
Adibidez, eta gurasoak bi ume bilakatzen bazaizkizu? Horrek puntu gehiago emango dizkizu zaintzaren eskalan? Gurean, bat izutia eta bestea abenturazalea, biek haurtzarorantz egin zuten urteen poderioz. Beraz, geuk ere ikasi dugu pixoihalak aldatzen, otorduetako borrokak ahalik eta intentsitate baxueneko haserreekin konpontzen, saiatu gara lo-ezinak muxu goxoekin leuntzen, eta, oso garrantzitsua, disimuluarekin amore ematen, bestea ez konturatzeko moduan. Hori guztia, gainera, atzekoz aurrera ikasi behar izan dugu. Abiadura berean gindoazen-eta amaierarantz zein hasierarantz. Ba al dakizue hori zer den?
Bai, geuk ere, egunero atera behar izan ditugu etxetik, beraiek ito eta gu nardatu baino lehen; parkera, kalera, paseatzera. Bost axola euri eta zero-azpikoak. Eta bidean, eraiki behar izan ditugu haien buruak mugiarazteko jolas-parke pertsonalizatuak; erdi erorita dagoen pankarta bat, putzu bat espaloian, katu bat errepidean… Geu ere saiatu gara, ohitura jasangarri multzoa bilakatzen zaintzaren alderik logistikoena. Eta bai, geuk ere, batzuetan lortu dugu. Guri ere, egunerokotasuna bilakatu zaigulako espero ez genuen aliaturik preziatuena. Ai, atseden pixka bat ematen zigun errutina maitagarri hori!
Ez zaretelako gurasoak, unerik desegokienetan loa galdu duzuen bakarrak, malkoak litroka isuri dituzuen bakarrak, ezta laguntza egokiaren bila terapia guztiak probatzeko prest egon zareten bakarrak. Eta politikoki zuzena ez bada ere, ezta garrasi egiten ahotsa xahutu, edo droga legal eta perfekturen bat desiratu duzuen bakarrak. Horretan, “enpate” esango nuke. Eta ados, zuena bizitza osorako da. Horrek ez dauka eztabaidarik, eta izan dadila bizitza luze eta ikasgaiez betetakoa. Gureak ez, gurasoenak epe bat zeukan, amaitu zen, urte beteko aldearekin joan ziren biak. Zaintzarena, hala eta guztiz ere, 12 urtetako prozesua izan zen, zaintzaren aurre-nerabeak gara, beraz. Agian horregatik pentsatzen dut guztia dakidala zaintzaz. Barkatuko didazue harrokeria, baina ziur nago, orain pertsona osoagoa naizela.