Entzuleak

Non daude entzuleak? Nora joan dira? Inoiz egon al ziren hemen? Hasieran lagunak ziren beren pazientzia, gogoa eta mugagabeko fideltasuna hartuta, euriari, eskasiari eta ekaitzari aurre eginez artistaren kontzertu guztietara joaten zirenak. Neurririk gabe txalotzen zuten, emanaldirik desastrosoenak ere bikainak iruditzen zitzaizkien, musikari lagunaren morala igotzen zuten unerik gogorrenetan. Denetarako, eta beti, egoten ziren, aspertu ziren arte. Hortik aurrera akabo, bakoitzak bere bizitzaren bideari ekin, eta ez ditut ikusi berriro, salbuespenak salbuespen, beste kontzertu batean.

Familiarekin antzeko. Musikaria odolak lotutako tropelaren batez besteko sortzailea igotzen du, eta alde horretatik, zerbait exotikoa dira, babesa merezi duen espezie arraro baina maitagarria. Horrela lor daiteke 80 urteko amona death metal kontzertu batean ikustea. Baina familia ere ohitu egiten da, eta gero eta bakanagoak dira une gogoangarriok.

Orduan iristen da noraeza. Musikaria entzuleen merkatu librean sartzen da eta akabo. Mundu bihozgabea da hori. Bakoitza bere lekuan jartzen du, dirdira, erakarmena, interesgarritasuna, mundu misteriotsuak dira niretzat, ez dut gehiegi esateko horren gainean. Baina aitzakiak sortzeko makina zorroztu dut, entzule eskasiari azalpenak bilatzeko hausnarketa etengabean jarri eta, denboraren poderioz, hainbat deskubrimendu garrantzitsu egin ditut. Bat nagusiki: ez antolatu jaialdirik Athleticen partidaren ordu berean. Gazteak, ez ahaztu Morau zaharraren aholkua.

Gara 2018/02/01

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up