Zuzenekoen falta (II)

Zer egin zuzeneko emanaldiak lortzeko? Hori da galdera. Erantzunak, ordea, ez dirudi musikarion gogoa asetzeko modukoa denik, sekula. Neurri handi batean, erantzunak, maiuskulaz idazten diren erantzunak, ez daudelako gure esku. Gureak estutasunetik ateratzeko moldaketatxoak dira, bizirauteko estrategiak gidatutako urratsak. Irudimenak, ausardiak, zorteak, senak, edo dena delakoak, gutxi gora behera, gidatutakoak, jakina. Gehienetan gure lan, sakela, osasun eta bizi baldintzen lepotik emandakoak.

Adibidez, badira, une berean, hamaika (bere zentzurik mugagabeenean) egitasmotan aritzen diren musikariak. Gaur, hemen honekin; bihar, han beste harekin; etzi haiekin arratsaldean eta honekin gauean… Ahaleginaren dibertsifikazioak zuzenekoetara heltzeko aukerak biderkatzen dituelako. Musikari batek, hemen (eta munduko leku gehienetan) beste erremediorik ez duelako musikatik bizitzeko intentzioa badu, zuzenekoak eman beharra dauka. Baina hori musikatik bizi nahi dutenekin gertatzen da.

Eta besteekin, gehienokin, horretarako asmorik, gogorik, aukerarik ez dugunok? Arrakasta da zuzenekoak lortzeko lehenengo giltza, zure izena bolo-bolo ibiltzea da gakoa. Jendeak interesa badu, eskaintza egin behar delako. Horrelaxe da musikarekin, gurinarekin eta praka bakeroekin. Beraz, hauxe da emanaldi asko lortu nahi dituen musikari batek noizbait bere buruari egin beharreko galdera (ez da txantxa); zertarako nago prest arrakasta lortzeko?

Testuaren hasierako eta amaierako galderak sinonimoak dira, sentitzen dut.

GARA (2018/03/29)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up