Bai, azkenean tokatu zait “elkarrizketa” hori, kazetariak egin nahi ez, eta artistak inoiz berriro erantzun nahiko ez zukeen elkarrizketa hori. Ospetsua naiz, oso ospetsua, arrakastak akabatuko nau halako batean.
Eta tokatu zait, ezagutu ez eta Wikipedian ere begiratzeko lanik hartu ez duen kazetari hori, diskoa entzun ez duena, eta okerrena, entzuteko asmorik ez duena. Betelanerako bazka izan naiz, saioa osatzeko behar diren 10 minutu madarikatu horiek. Hori bilakatu gara, neu eta nire istorio intimo eta hauskor horiek, ofiziozko kazetari horren galdera gogorik gabekoen erritmoan.
Eta, asmatu duzu, galdetu dit Morau izena nondik datorren, ea zer uste dudan euskal musikaren egoeraz, eta ea gogorra den alzheimerra, ea zenbat kantu dituen diskoak, ea nola definituko nukeen nire musika (aizu egin ezazu zure lana). Eta moztu egin dizkit erantzunak luzeegiak zirelakoan edo, eta lanbidez kazetaria nintzela esan du, eta hori bai, argazkia atera dit irratiaren logoa atzean, zertarako, ordea? Tipo ezezagun bati aukera bat eman diotela adierazteko haien web orrian? Zintzoa banaiz, ez lidake harrituko, estudioetatik atera berritan ezabatu izana, argazkiarenak nire egoari mesede egingo balio bezala. Poz txiki bat segundoi batentzat.
Bai, surrealismotik gertu legoke egoera, elkarrizketa Bilbon gertatu izan ez balitz, joan etorrian bi ordu eta erdi eman behar izan ez banitu, goizeko 08:20etarako bertan egon behar izan ez banu, gasolina, autopistak, parkinga…, ustez elkarrizketa “sakon” baten aitzakiarekin erakarri izan ez banindute. Iritsi, lau galdera ganoragabe, 10 minutu eta etxera, kazetariak presa zuen-eta hurrengo elkarrizketa egiteko. Oso ongi egon da,… To!
Gauza on bat badu, ordea, kontu guzti honek: gogoratu dut azken hilabeteetan zer zortea eduki dudan elkarrizketekin, eta hau salbuespena baino ez dela izan, beraz, bejondeiola, kostatuko zaie berriro harrapatzea.
Izugarri maite zaituztet elkarrizketak aurretik dokumentatzen dituzuen kazetari horiek, eutsi goiari!
Gutxienez, paseatu eta argazki hauek egin ditut ibaiaren kolorea aprobetxatuz: