Literaturazaleak

Garoa liburu-dendan. Argazkia; Ana Galarraga.

Ez pentsa, guztiak bezalakoak dira. Badituzte sentimenduak, arnasa hartzen dute, hitz egiten dute, eguraldiari erreparatzen diote. Esandakoa, denok egiten dugun moduan (zonbiak eta laborategi militar sekretuetan garatzen ari diren androide hiper-sofistikatuak izan ezik *). Ziurrenik, komunera joango dira altxatu bezain pronto eta supermerkatuetan eskaintzak begiratuko dituzte, badakite garraio publikoa hartzen eta inoiz kinielaren bat bete dute (ezkutuan bada ere). Bai, literaturazaleak pertsonak dira bere zera guztiekin.

Zarautzera joan nintzen eta Baudelairen liburuak besazpian, pipa erretzen zuen eta baxoerdi bat eskatzeko alegoriak eta etopeiak erabiltzen zuen jendea topatzea espero nuen. Barra-barra gainera. Futbolaz hitz egiteari krimena deritzotenak, hain ibiltzeko modu bitxia dutenak, lurretik 10bat zentimetro gora dabiltzala dirudiela. Halako aura dirdiratsua dutenak, haien alboan jartzeko eguzki betaurrekoak jantzi behar dituzula. Edari, janzkera, janari, hizkera hain sofistikatudun jendea espero nuen, igandetako muda jantzita bertaratu nintzela, gitarra hartuta.

Baina, nolakoa den mundua, nahiko arrunta iruditu zitzaidan dena, liburuak maite dituztenak, ez dira, adibidez, musika maite dugunak baino xelebreagoak, are gehiago, haiekin pentsa baino antzekotasun gehiago ditudala ohartu nintzen. Eta liburu-denda goxo eta maitagarri batean kantatu nuen, eta Touringaz hitz egin genuen, eta gasiotasunez, eta familiaz, eta euskaraz, eta denboraz… Kosta egin zitzaidan pote bat ordaintzea, eta liburu handiak, ertainak eta txikiak idatzi dituen jendearekin aritu nintzen, ohitura den legez, txikikeria garrantzi gabekoetatik, gai jainkotiarretara* jauzi egiten genuelarik solasetan (zer hiztun trebeak diren literaturazaleak).

Horregatik, zalantza izpirik gabe, esan dezaket literaturazaleak jende “normala” direla, eta niretzat aurkikuntza izan denez, zuekin partekatu nahi nuen.

* (Ana Galarragak kontatutakoa da, eta nik jaramon egin diot zientzian oso jantzita dago-eta).

*(Nik ez nituen lehenago horrelako hitz ponposoak erabiltzen, uste dut zerbait itsatsi zitzaidala Literaturian).

Solasaldia, Andu Lertxundi, Maddi Zubeldia eta Jon Abrilekin. Argazkia: Literaturia.

Kategoria: Bestelakoak, Emanaldiak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude