EWAN MACCOLL
AN INTORDUCING TO EWAN MACCOLL
Topic 20018
Badira nahitaez superlatibo mordo batekin hasi beharreko disko iruzkinak. Aski da lan hau irekitzen duen 1952ko Dirt Old Town kantuaren bertsioa entzutea, XX. Mendeko herri-musikaren bilakaera irauli eta definitu zuen izenetako batez ari garela ohartzeko. Alan Lomaxek bezala, Woody Guthriek Bezala, Jose Afonsok bezala, Ewan MacCollek, ondoren beste hamaikak jarraitu zituzten bideak zabaltzeko ausardia eduki zuelako. Tradizioa eta etorkizunaren ikuspegi eskuzabalago bat uztartu zituelako (marxista porrokatua zen). Galtzeko zorian zegoen kantutegia jaso, zaindu eta etorkizuna ziurtatu ziolako belaunaldi gazteagoen esku utziz. Nahita do nahigabe.
Entzun Peggy Seegerrekin (Pete Seegerren alabarekin, urte askotako bikote artistikoarekin) batera kantazten duen Jimmy Wilsonen balada, eta bai, erreparoa ematen du, nolanahi ere, horrelakoak iruzkintzea. Egia da musikari, ikerlari, militante eta antzerkigile ingelesaren gaineko hamaikagarren bilduma dela, eta ziurrenik haren lanaren zabalak, horrelako beste dozenarako bide irekitzen duela, baina hauxe, Topic diskoetxe estimatuaren, munduko lehen zigilu independientearen, ondare itzeletik ateratako azken bilduma da. Zigiluak 75 urte bete berri dituena ospatuz, kaleratu duen bilduma ezinbestekoa. Ewan MacColl ezagutzen ez bazenuen, hura ezagutu eta estimatzen hasteko aitzakia ezin hobea.
Dena dela, ez uste etnomusikologia egingo duzunik disko honekin, are gehiago, izugarri da 50 urtetik gora duten kantu hauek eta haien interpretazio “gordinek” transmititzen duten indarra. Ez dira naftalinaz betetako 18 museo-pieza. Wae’s Me for Prince Charlie edo The manchester Angel kantuetan bizirik dirau-eta hain entzungarri, hain estimagarri egiten dituen indar original hori. Ez dakit, eskoletan entzun beharreko kantuak beharko lukete hauek. Baina, entzun ez genituenez, hona hemen bilduma eder honek eskaintzen digun bigarren aukera.
Aurretik burua zuritu eta azaldu dizuet superlatibo asko erabiliko nituela disko hau iruzkintzeko eta halaxe izan da. Ene hitza bete, eta adjektibo zerrenda astindu dut, Sheepcrook and Black Dog kantuaren a capellako bertsioa entzuten dudan bitartean. Beraz, oilo ipurdia larruan Farewell to Sicilyrako bidean jarrita,ez dut aukerarik galdu nahi, musikaz gainezka gabiltzan garaiotan, harribitxi ezinbesteko hauek dastatzeko gonbidapena luzatu gabe. Ez bazenuen ezagutzen ezusteko ederra hartuko duzulako, ezagutzen bazenuen, gozatu ederra izango delako bilduma honen saria. Herri musikaren historia biziaren atal bat baino gehiago delako.
Berria (2018/06/10)