Zergatik eta noiz jotzen dugu musikariak hitzen bila literaturara? Edo beste modu batean esanda, noiz eskatzen diegu poetei hitzak idazteko geuk sortutako doinuentzat? Gauza oso ohikoa da, gurean, behintzat, ez dakit hainbeste gertatzen den hemendik kanpo. Edonola ere, ez da zaila, gure txikian, izena duen idazleren baten abizena topatzea kantu baten kredituetan. Hiru arrazoi bururatzen zaizkit elkarlan hau gertatzeko.
Musikarien alferkeria da lehenengo arrazoia. Egia da errazagoa gertatzen zaiola musikari gehienei (ez denei) melodiak sortzea, garatzea, lantzea, hitzak idaztea baino. Beraz, ez gazta jan, ez erre foliorik, zer da errazena? Ezagutzen duzun idazle horren hitzak hartzea. Batzuetan eskatuta, bestetan, besterik gabe, hartu eta kito. Normalean hitzak lan gehigarria baino ez dira musikariontzat. Gauza serioak esan nahi izatea, izan daiteke bigarren arrazoi nagusia. Literaturaren kontua da ideiak hitz ederrez janztea, edo gauza transzendentalak modu landuan adieraztea. Zertarako saiatuko gara horretan musikariak. Utzi lan hori espezialistei eta kito. Horrela sortuko dugu bizitza esplikatzeko lagunduko duen hurrengo ereserkitxoa.
Hirugarren arrazoia izan daiteke interesgarriena. Musikariak askotan literatura-zaleak izaten gara, eta, ez eduki zalantzarik idazle asko daude oso musika-zaleak direnak. Hartu-eman horretatik sortzen dira, lanik esanguratsuenak, kanturik sinesgarrienak, edo behintzat, emaitza ez lortuta ere, saiakerarik interesgarrienak. Zutabe honek badu soinu-banda: Kau Kori Kuraren “Bertako Idazle baten Letrak”. Bandcampen duzue entzungai.