Txistea

Hau txistea izan zitekeen. Badoaz bost epaile; espainiarra bat, turkiarra bestea, txiletarra hirugarrena, suediarra laugarrena eta azkena, berriz, estatu batuarra. Ezetz asmatu zeinek kondenatuko lituzkeen zortzi militar kantari bat hiltzeagatik? Zuk eta biok badakigu, adibidez, ez dela espainiarra izango. Ez da fede falta, are gehiago, fede osoa dugu espainiar justiziarengan, horregatik gaude hain ziur ez duela, sekula, serio behintzat, militar “zintzorik” epaituko. Ezta Turkiarrak ere, horretan lehengusu dituzte togadun hispanikoek Istanbulekoak. Suedia, oso demokratikoa, oso modernoa, oso baketsua… bertan motozale naziek baino ez dituzte musikariak akabatzen. Beraz, beste hautagai bat gutxiago.

Estatu batuar epaileek oso ospe txarra dute, baina beldur gutxi emango diote hemengo kronika judizial surrealista eta “miresgarria” jarraitzen duen irakurleari. Izan zitekeen, baina ez, agian, CIA lepo sartuta egon zitekeelako epaitutako krimenetan. Txiletar epaile bat izan da zortzi militar kondenatu dituena 1973an Victor Jara kantaria hiltzeagatik. Bejondeiola, nahiz eta 45 urte igaro tartean (kasik, mende erdi bat).

Baino ez da txiste bat. Zenbat musikari anonimo ez ote dago ez oso urrutiko errepide bazterren bateko asfalto hondar azpitan? Musikariak, beste edozein bezalakoak garelako, batez ere, epaile guztiahaldunen begirada zorrotzarentzat. Beste edozein bezala giltzaperatzen gaituzte, beste edozein bezala balizko krimenak ordainarazi. Ez dugu kexatzeko arrazoirik.

GARA (2018/07/19)

Kategoria: Gara, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude