Umiltasuna (II)

Badira egun batzuk, Berrian, Gari eta Izarori egindako elkarrizketa luzea irakurri nuenetik, bertan, beste hainbat gaien artean, ospeak eragindako arazoez mintzatu ziren eta, ez dakit zilegi den, baina poztu egin nintzen. Ez, ez… ez biei ospeak eragindako arazoengatik, baizik eta, norbaitek, euskaraz kantatuz, arazoak edukitzeko adina arrakasta lortu zuelako. Baina, beno, gero ohartu nintzen, mundua beteta dagoela, arrakasta apurrik gabe eta arazoetan lepo, irauten duten musikariez. Beraz, arazoak arazo dira eta arrakasta, berriz, arrakasta.

Dena dela, badaezpada ere, nire burua prestatzen hasi naiz, inoiz, ezagutza publiko masiboaren mirariak ustekabean ez harrapatzeko, badakit-eta inoiz gertatuko zaidala. Beraz, ideia hauek apuntatu ditut. Lehenengoa, dirua irabazten hasten banaiz… hobe hipotetikoan jartzea, dirua irabazten hasiko banintz… futbol-jokalariren baten gestoreari kukuren bat egingo nioke, urrezko visari muzin egin eta inurri langile baten posterra jacuzzi alboan jarriz. Potrojorran nabilenean nire jatorri proletarioa gogoratzeko.

Baina, batez ere, kalean lasai ibili ezin, eta munduko zilborraren erdigunea naizela sinesten hasitakoan, hobe dut ez gehiegi sinestea eta unibertsoarentzat ezinbestekoak diren pertsonen zerrendan, neure aurretik asko daudela gogoratzea, adibidez Einstein. Are gehiago, ez naiz harrotuko kataklismo erabatekoaren atarian NASAk gizateria berpizteko, errreskatatuko dituen 100 burmuin pribilegiatuen zerrendan nagoela abisatzeko telefono deia jasotzen dudanean.

(GARA 2018/08/16)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up