Neguko ustezko heriotzak (hiru argazki)

(Ardoarenak 10)

1

Izugarria behar izan du guduak
zelai idorra orbainez josita dago
gurutze lerro amaigabeez jantzita
leherketen arrastoak malkarretan gora
bezperan amaitu zuten triskantza

eta non dira soldaduak?
galdu ala irabazi egin dugu?
izango al dugu nor agurtu?
betirako bukatu al da gerra?

2

Baina ez genuen dena galdu
salbatu genuen apurra
hilerritan gordea
ezkutalekurik onena bizidunentzat
begiratu arretaz
mahastiak lo baino ez daude
inor ez ohartzeko moduan

itxaropen freatikoa
minerala
lizuna
berde umila
eta zuri zikina
gorotza eta
hezea

3

Begien zabalgunea da isiltasun lodi
eta haize labainkor
azken argi-izpiek
bizkor hormatzen dute guztia
lana bukatu ezinik
urduri
ba al dute lurzoruaren berri?

gudu-zelaiaren zainetan
edo beherago
arroka amaren altzoan
edo oraindik ezkutuago
etorkizunaren geruza freatikoan
sortzen ari da
lurraren odol berria
egon adi

ez zaitzala engainatu
neguko ustezko heriotzak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up