Eskerrik asko

Huna Iduzki Xuria
Unama
Usopop 2019

Ez da osagai askorik behar folk disko on bat egiteko; aski dira, inspirazioa kantuak idazteko, ahots ederrak eta musika tresnaren bat, ohikoan gitarra, zertarako gehiago? Ez da gaur egungo formula, baina, estimatzekoa da, distrakzio, tranpa, azalkeria eta “zarataz” (zentzurik metaforikoenean) betetako garai hauetan, inork, funtsa sinple baina eraginkor hori berreskuratzea. Beraz, eskerrik asko Unama, diskoa entzuten hasi bezain laster, haize freskoa sartzen delako entzungailuetatik barrena. Ez da oso irudi originala, baina halaxe gertatzen da, lehen unetatik bertatik, Barka Bekatua irekitzen duen gitarra eta ondoren datorren ahotsa entzuten hastean, besteak beste badakizulako, hortik aurrerakoa galdutzat jotzen zenituen pasaietan barrena egin beharreko bidaia gertatuko dela.

Huna Iduzki Xuriak badu melodiaren ustezko geldotasunean halako ezinegon moduko bat, sumatu arren irudikatu baino ezin daitekeena. Gogoratu, ez da aski ahots ederra edukitzearekin, kantatzen jakin behar da, ahotsak ongi josi, nork bere lekutik aritu, besteena osatu… ez da batere erraza hori egitea, baina Zubeldiatarrak entzunda hain dirudi sinplea, “naturala”. Zubi moduko bat gerta daiteke, berriz, amaiera aldean biolin eta flautek indartzen duten Brodatzen Arin Nintzen kantuaren bertsioa. Alderatu Haizeak 1976ean grabatu zuena eta oraingo hau, ez al da asmo, ikuskera, gogo bertsuarekin baina bi melodia ezberdinekin egindako herri-kantutegiaren berrirakurketa? Orduan berritzaile, baina, oraindik fresko.

Bi balada puska dira Zalantza eta Ama Haurraren Lokartzen, benetan, zer gozagarria den horrela kantatzen entzutea. Taldeko edonor izan daiteke solista, orain bata, gero bestea, eta elkar osatu behar dutenean, hor daude denak, ahots joko sotil, leun eta jostagarriz kantua janzten. Erritmoz biziago eta asmoz indartsuago datoz hurrengo biak Zuen Burhoaz Beste eta Kaiola, buzuki eta gitarraren gainean doaz kantuak, bizi, intentzioz apur bat “rockeroagoak” (barka hitza) gerta daitezke. Ez dira soilik kantari onak, tresna-jotzaile onak ere badira, ahots-moldaketa bikainekin batera, musika-moldaketa eraginkorrez beteta baitago diskoa. Kantuz-kantu erakusten dute oso ongi baliatzen dituztela eskura dituzten musika tresnak, beti ere, kantuaren mesedetan eta, gehienetan, ahotsaren menpe.

Beste hiru balada diskoa bukatzeko, Sahatsa, Mendi Gainean eta Eramaten Utzi Dute. Diskoa labur gertatzen da, benetan, hamalau urte esperoan bigarren hau entzuteko, eta hain azkar pasatzea ere! Espero dezagun hurrengorako hainbeste itxaron behar ez izatea.

Berria 2019/05/19

Kategoria: Berria, Musika Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude