Hamaika izan daitezke pop musikak har ditzakeen bideak, alde horretatik ziurrenik musika mota gutxi egongo dira popa bezain malguak. Saltsa guztietako perrexila, ospe txarra lortzeraino, batzuetan magia gertatzen da eta aitzakia merkea baino, pop musika da guztiari osotasuna ematen diona. Horren adibide da gaurkoan aipatuko dugun diskoa. Hasi zenbatzen, lan honetan bat egiten dute pop musikak, musika klasikoak, folkak eta baita, apur txikietan bada ere, herri-musika japoniarrak. Desastreren bat eragiteko moduko osagaiak izan daitezke, eta hori da, lehenik eta behin, aipatu nahi duguna, Takenoburen disko berriaren bertute nagusia baita, disko sinesgarri eta mamitsua gertatzea.
Hezkuntza klasikotik datoz bai Nick Hogawa txelo-jotzailea, eta baita ere, Kathryn Koch bibolin-jotzaile eta kantaria, biek osatzen du Takenobu taldea. Sei disko kaleratu dituzte dagoeneko, soinu-banden, kamarako-poparen eta folk sofistikatuaren arteko zubian. Ez da terreno erraza, lehenik eta behin, klasikoaren epikotasunerako joera menderatu beharra dagoelako, teknikaren sareetan zure burua galdu gabe. Ondoren, zintzo jokatu beharra dagoeako pop izpirituarekin, melodiak agerikoak behar dute, kantu egiturari eutsi behar zaio, lelo argiak behar dira, kantuek ezin dute deszifratzen zailak izan. Baina zein pop musika egin daiteke txelo, biolin eta noizbehinkako laguntza elektronikoarekin? Bada, erantzuna kantu sorta honetan duzue.
Egia da, kantu sorta gozo, melodiko eta entzungarria dela hau, lan egun gogor baten ondoren, eseri eta leihotik begira jartzeko moduko soinu banda. Ez, ez da oso originala, ez dago dagoeneko 80ko hamarkadan The Sundays, Tuxedomoon, The Monochrome Set edo Everithyng Buth The Girl bezalakoek asmatu ez zutenik. Lerro bertsuetan mugitzen da taldea, baina hemen ez dago bateria edo gitarra elektrikorik, hemen dena da, soka tresna, eta etengabe kamara orkestra bat burura ekartzen duten moldaketak. Nabarmena da Fight to Make It Up bezalako kantuetan.
Diskoa Nobody Saidekin hasten da. Singlea izateko aproposa dirudi kantuak, aire elektroniko suabe batean bildua. Toki Dokik berriz Japoniar aireak dakartza kantuak pizzicatoen bidez aurrera egiten duen moduan. Glorious Harmonius beste, balizko, single bat da, eta bide batez, ohartuko zara, oso kantari konpetenteak direla taldeko bi kideak, eta zenbat zaindu dituzten kantu-sorta honetako ahots armoniak. Bai, esandakoa, askotan 80ko hamarkadako pop ingelesaren arrastoak sumatuko dituzu, urrutian besterik ez bada, eta zer? Badira askoz ere erreferentzia makurragoak, musika klasikoak eta pop musikak bat egiten duten esparru horretan.
(BERRIA 2019/06/16)