Inspirazioa iheskor eta apetatsua dela pentsatu dut, pantaila zuritik altxa eta balkoitik begira jartzearekin batera. Errepideak inguratzen du etxea, hain hurbiletik ohikoa dela asfaltoari lotutako soinu-banda gure sukaldean. Autoak, motorrak, kamioiak, autobusak eta elkarri entzuteko oso ozen hitz egiten duten txirrindulariak. Orduan bururatu zait galdetzea, ea zenbat musikari, teknikari, era askotako laguntzaile, dabilen errepideren batean, lantokia gertatuko zaion agertoki, plaza, taberna, hondartza, edo antolatzaileen aburuz, musikarentzat egokia gerta daitekeen beste edozein egokierarako bidean.
Galdera erretorikoa da, uda baita, beraz, ehunka batzuk bai, agian milaka, izango dira Euskal Herriko errepidetan harat eta honat ibiliko direnak, adibidez, hau irakurtzen ari zaren une honetan bertan. Zenbat ez ote dio zor Bilbo eta Donostia arteko autobideak era guztietako musikariei? Zorrak ordainduko balitu, agian, musikari erretiratuentzako egoitzaren bat sor zitekeen EITBren eraikuntza zaharrean, Durangoko ordainlekuaren parean.
Uda delako, eta inork imajina al lezake musikoen transhumantziarik gabeko egunen bat? Akabera litzateke musikarik gabeko uda egunen bat, festa tarteren bat. Sekulako drama. Baina, kontuan hartu behar da musikarekin lotutakoen lanaren, beharraren, zatirik handiena agertokietatik kanpo gertatzen dela, eta horretan emandako denboraren puska handi bat norabaiteko errepidean igarotakoa dela. Eta ez naiz ari gasolinetan gastatzen dugun dirutzaz.
GARA (2019/08/01)