Borgoina

(Ardoarenak 28) Ardo garesti demonio horietako bat edateko gogoa ase nahi, eta halaxe egin genuen. Ez dago sekretu handirik.  Ardoarena beste gauza askorekin disfrutatzeko aitzakia baino ez zen. Baina, hori bai, Borgoinako ardoa dastatu genuen, azkenean, baina eskerrak kortxo-kentzekoaz gain guardasol txiki bat hartu genuen.  Horri esker, orain badakit jakin-nahiaren plazerik handiena ez dela erantzunak topatzea, galdera berriak eragiteko gaitasuna baizik.

Hori astakeria errepikatu zidan
nahiz eta ez esan zenbat balio zuen 
bazekien oso garestia zela
Borgoinakoa
ardandegietan ohikoan disimuluz begiratzen dugun
lurralde mitiko horretakoa
salneurriak gora eta gora egin ahala 
apaletan etzanda egon ohi diren botilen herrialdekoa
egurrezko sarkofagoetako aristokraten auzo
ezer ukitzeak erreparoa eragiten duen zero-gunean
saltzailearen eta kameren begirada zorrotz-pean 
hor dago Borgoina
 
jakin-nahiak soilduko dik patrika 
eta zer
erabilpen hoberik diru ziztrinarentzat
 
behingoagatik dena ongi egin nahi nuen
zabarregi xahututako lehenengo aldi guztien omenez
berrehun gramo urdaiazpiko foie zatia ogia kristalezko bi edalontzi paraje ederra
zu
apo-hontz esnatu berriak kilkerrak birigarroak ziraunak txolarreak uda
laster 
arratsa itzalak lepogabetzen arituko zen belarretan
itsasargi guztiak pizten hasiko ziren
barreak motorrak errepideak tximiniak sukaldeak hegazkinak
auzo-bazterretatik
labarretara
 
gauak harrapatuko gaitik
eta zer
presarik ez
gehiegizko argiak hondatu egiten din jakin-nahia
 
baita arnoa ere
gorria garratza 
lehenik
oxigenoa karea
ondoren
egur eza
azkenik
ez galdetu gehiago botilakoari buruz
airea dastatzen aritu ginen
luzaro
trumoiak jo eta munduak bitara egin zuen arte
 
guardasol azpikoa eta beste guztia
dena hain ongi egin nahi nuen
 
atertzen hasi zenean
gu barrezka behera
ardoak ez zigun ospe-arrastorik utzi
beira birziklatzeko edukiontzian lurperatu genuen botila
benerazio handirik gabe
 
motel hainbeste misterio horretarako
asebete al duk behintzat jakin-nahia
 
ez zekinat
eta ez dit axola erantzunak
 
galderen premia handia dinagu
 
Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude