Badakigu musikariak bere bizitzaren zati handi bat errepidean ematen duela. Udan, autoa (edo antzeko ibilgailuren bat) bilakatzen zaiola, bizitoki, atseden-gune, aitorleku… Ez al dizu morborik eragiten musikari batek autoan zer daraman jakiteak? Utz ditzagun ebidentziak, horiek euskal errepideetan gure segurtasunaren alde lanean ari diren kolore guztietako zaindariek dituzte. Deskriba-ezina da txapel-okerrak jartzen duen aurpegia, linternarekin hurbildu, eta atzeko eserlekuan gitarra ikusten duenean… musikariok, gure betebeharrari jarraiki, poztu egiten dizkiegu zaintza-gauak.
Txiste errazetarako ematen du kontuak, zer pasatzen ari den poliziaren burutik, alegia, une horretan. Mitomania rockeroari jarraituta, txosten handi bat betetzeko moduko arau-hauste zerrenda amaigabe baten arrastoak topatzeko itxaropena du legearen zerbitzariak. Osasunaren aurkako krimen izugarrien lekukotasunak. Gehiegikeria libertinoen pistak.
Gauzak bestela gertatzen dira ordea, batez ere, gitarraren alboan alaba txikia garraiatzeko aulkitxoa topatzen duenean. Plastikozko txakur, zerri eta zaldi bana, bururik gabeko panpinatxo bat eta noski, han eta hemen, era guztietako apurrak: ogiarenak, gailetarenak, bizkotxoarenak… Dezepzioa soma daiteke, une horretan, guardia zibilaren aurpegian. Autoaren kapota ireki du, krimena argitzeko azken aukera, eta ziztu bizian berriro itxi eta aurrera jarraitzeko esan dit. Badakizu musikari batek zenbat trastu eraman ditzakeen kapota batean? Guardia zibil alper bat izutzeko adina.
(GARA 2019/08/15)