Heriotza

Heriotza ez da sekula oso aparte ibili 80ko hamarkada hasierako musikariengandik. Droga-menpekotasunetik konpromiso politikora doan tartean, istripuak, gaixotasunak,… hamaika izan dira, garaiz aurretik eroritakoak. Etorkizun eza ala etorkizun gehiegi, lelo erraza baino gehiago gertatu da hainbatentzat, eta esku anonimoek jarritako lore sorta txikiak agertzen dira, bide horretako bihurgunetako trafiko-seinaleetan. Esan daiteke gure belaunaldiko soinu-banda, sirenaz, erietxez eta presazko amaierez beteta dagoela (iragarritakoak batzuk, ezustekoak besteak, injustuak denak). Ez zaigula, alajaina, heriotza, dagoeneko, arrotza gertatzen. Baina, hala da; sekula ez zara inoren faltara ohitzen, agian zorionez, bestela gureak egingo luke.

Horregatik, heriotzarekiko esposizio horrek eraginda, izan ezagunak ala ezezagunak, protagonistak ala figuranteak, abangoardiakoak ala azken putzak, dardara moduko bat sumatzen da belaunaldiko memoria kolektiboan musikariren bat joaten denean. Nahiz eta bi urtetik behin, etxean jasotzen hasi Osakidetzak kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programaren gutuna. Bai denak goaz adinean aurrera. Gauza jakina da.

Seismoa gertatu zen, hala eta guztiz ere, irailaren bostean. Belaunaldiko alerik onenak joaten direnean soilik gertatu ohi den moduan. Hamaika kantu piztu ziren, batera, barru barruko diskoteka intimoan, eta irribarre garbi batek argitu zuen tarte luze batez ortzia, gero itzaltzeko, isiltzeko, joateko… Agur esateko modu asko daude, baina, unea iritsita, bakarrarekin aski zaigu. Besarkada lagun.

GARA 2019/09/12

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up