Kantaera motela

Ederra da gogoak ematen dizulako ozen kantatzea. Ia edozein egokiera izan daiteke aproposa horretarako, nahiz eta, taldean eginda irabazten duen jarduera horietako bat den. Kalean, etxean, autobusean… plazera areagotzeko modu bikaina da balizko entzuleentzat kantatzea. Eta, jakina, plazer horrek ez du zer ikusirik teknikarekin, kantaerarekin edo trebeziarekin, entzulearentzat agian bai, baina kantariarentzat ez luke kezka-iturri izan beharko estrofa osoan tonuz kanpo aritu izanak.

Horregatik, pozez hartu genuen, elkartean bazkaltzen ari ginela, ondoko mahai jendetsukoek, kafe garaian, esku-liburu fotokopiatuak banatu eta kantari hasi zirenean. Lotsaz bezala hasieran, gero eta ozenago gin-tonicak aurrera joan ahala. Kantutegian sumatzen zen, hegoaldekoak zirela, eta edadean pixka bat aurreratutako jendea zela. Gaztelaniazko eta euskarazko kantuak tartekatze zituzten: Oi Gu Hemen eta Yo Te Dare, Agure Zaharra eta Salio De Jamaica, Erribera eta El Rey… Horrelakoetan gertatzen den moduan, kantu-sugarra piztu, lehertu eta poliki-poliki itzaltzen joan zen, elkartetik joan ziren arte.

Zer poza jendea horrela, “librean” kantatzen entzutea. Guk ere, ondoko mahaian egonagatik, parte hartu genuen, noizean behin, gure irrintzi eta orroekin. Hori bai, oso esanguratsua gertatu zitzaigun gaztelaniazko kantuak arin eta erritmoz indartsu kantatzen zituzten moduan, zein motel kantatzen zituzten euskarazkoak. Zergatik ote, agian, mistizismoz, gehiegizko errespetuz janzten dugulako, ez bakarrik kantua, baita ere, euskararekin lotutako guztia? Agian ez, baina…

(GARA 2019/11/14)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up