Gora reggaetona

Kezkatua zebilen laguna, euskal musikaren etorkizunarekin oso arduratua. Kezka horren eraginez galdera bat zebilkion buruan, atzera eta aurrera, gazta sutan jartzeraino. -Hi Morau, ezagutzen al duk reggaetoia euskaraz egiten duen talderen bat?- Ezetz erantzun nion oso ongi ulertzen ez nuelarik, galdera horretan zein zen, benetan, kezka-iturria, euskal reggaetoia existitzea ala ez existitzea. Zeren eta, izan zitekeen, laguna estutzea, inor reggaetoi zabar, lerdo eta matxistenaren edukiak euskaraz hedatzen aritzeak. Baina, zergatik ez, alderantziz ere uler zitekeen; nola zen posible euskal gazteek, hain gogotsu irensten duten musika mota hori (ez du balio oharkabean, nahigabe… entzuten dutenaren aitzakia), bakarrik gaztelaniazkoa izatea?

Lehenengo aukerari helduta, ez da oso ohitura ona inongo musika-genero demonizatzea, eta jakina, neurri berean, besteren bat sakralizatzea. Sinplekeri handia baita EHko tabernetan entzuten den reggaetoiaren arabera epaitzea, Hego-Amerikak eman duen herri-musikarik arrakastatsuenetako bat. Guk kaka entzuteak ez du esan nahi dena kaka denik. Beraz, zergatik ez zuen reggaetoia egin behar euskal artistaren batek? Arazoa ez da musika-generoa, transmititzen diren edukiak baizik, edozein izanda musika-estiloa.

Bigarrenarekin, berriz, onartzen dut neuk bat egiten dudala lagunaren kezkarekin. Euskaraz Benito eta erdaraz Daddy Yanke, zein aukeratuko zenuke 20 urteko gaztea bazina? Euskara tresna egokia da edozer egiteko (ez bakarrik musikan), zergatik ez erabili orduan EHan gehien entzuten den musika motarekin?

GARA 2019/11/28

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up