Enteratu al zarete? Euskal musika da EHko kulturaren indargune nagusia, alajaina, zer berri ona, ireki cava botilak, atera izozgailutik gordetako otarrainxka eta arkumeak, egin dezagun parranda eder bat! Disfruta dezagun leku guztietan entzungo dugun musika eder, euskaldun, moderno eta gozagarriarekin. Egin dezagun dantza, kanta dezagun ozen, birikak lehertzeraino… Eta gero, joan gaitezen lo egitera lasai.
Baina, ziur al zaudete EHaz, edo, bederen, EH beraz ari garela? Populazioaren gehiengoak (%83ak) kontsumitzen omen du euskal musika hemen. Baina non zehazki, beste kontinenteren batean? Nola, kasualitate hutsez? Edo hori, edo euskal musika kontsumitzaile eredugarritzat jo beharko dugu, urtean osoan, seme-alaben ikastolako ikasturte amaiera-festan lau euskal kantu segidan baino entzuten ez dituena. Errazegia da euskal musika kontsumitzea, gero eta neketsuagoa, berriz, euskal musikari erreparatzea. Merkeegia euskal musikarekiko zaletasuna eta gero eta garestiagoa nahita edo nahigabe harekin topo egitea, haren arrastoa jarraitzea, haren itzalik sumatzea. Ziur zaudete inkesta egin dutenek ez dutela, nahigabe, orain hain modan dauden, tunel espazio-tenporal horietako bat igaro, eta mundu paralelo bateko emaitzak aztertu?
Basoa erdi-hutsa ikusteko ohitura nekagarriaren errua izango da, berri onak digeritzeko ezintasun patologikoa, baina, benetan, ez dakit zuek, baina neu seko arduratua nengoke euskal kulturaren beste alor guztiak, musikagintza baino okerrago daudela esango balidate.
GARA 2019/12/12