Ardo ona

Edozein delarik ere…

(Ardoarenak -7) Hainbeste ardo txar eta on gora eta behera, bazen garaia ene buruari galdetzeko; “eta zuretzat zein demonio da ardo ona?”. Galdera hori erantzuteko saiakera baino ez da hauxe.

Edalontzian lur arrastoak uzten dituena
hori da ardorik onena
lokatzetik hurbilago perfekziotik baino
ez oso zuzena
txarra izateko nahiko adore bildu duena
mingain azpian ustekaberen bat edo beste
lagako dizu ardorik onenak
herdoil izpi bat
ikatza
polena
ezin aurretik jakin
edan beharko duzu
ardorik onena
 
gidoirik gabe 
ospearen beharrik ez duena
oraindik dastatzeke dudana
horixe da
ardorik onena
denboraren harrokeriak galdu ez duena
upeltegi
etxe
biltegiren bateko sotoan
botilan edo kupelean
zain daukat
oraindik
ardorik onena
 
edozein delarik ere
nahi duzunean
elkarrekin
edango dugun hori
izango da
zalantza izpirik gabe
ardorik onena
 
 
Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude