Esan egia, entzun al duzu, senitarteko estimatu, baina, zure gustuak azaletik baino ezagutzen ez dituenak, eguberrietan oparitu dizun diskoa? Musika gehiegi entzuten du, eta ez da bere errua familiakoen eta lagunen artean, behin eta berriro, talde arraroen proselitismoa egiten saiatzea. Uste dut, bere ere ohartzen dela, ezin tentazioari eutsi, ordea. Inoiz, norbaitek, benetan, estimatuko dion diskoren bat oparituko duenaren itxaropenari esker bizirauten du. Ilusio itsu horri helduta, gainditzen ditu, banan-banan, urtebetetze, Olentzero, errege, despedida, erretiratze, erditze edota opariak emateko aproposa gertatzen den beste edozein egokiera, eta horien artean, bereziki, maitemina limurtzeko saioak.
Lasai, ez da ezer gertatzen, ez baduzu ireki, beti duzu berriro bildu eta hurrengoan beste norbaiti oparitzeko aukera. Ez dago horretarako egokiera txarrik. Ez utzi usteltzen, oparietatik bizi da euskal diskogintza. Kontua da alferrik ez galtzea, horrixe da garrantzitsuena. Ez dadin hutsala gertatu hainbeste jenderen ahalegina. Berrerabil itzazu, adibidez, poliki-poliki hautsak jan, eta ireki gabe albo batean dituzun pilo horretakoak. Segi dezan kateak bizi, zure oparia jasoko duenak, ondoren beste norbaiti erregalatu, hark hurrengoari, eta hirugarren horrek besteren bati… Ez al litzateke patu egokia disko “arraroarentzat” mundu zabalean ibili ondoren, berriro, oparitu zuen lehenengo lagunaren eskuetara itzultzea, handik urte pare bat pasa eta gero?
Urtero, urtero Olentzeroetan opari musikalak egin eta lotsagarri geratzen diren guztiei eskainia, zuentzako bizi da euskal musika, eutsi goiari!
GARA 2020/01/09