Edale ez-bitarrak

(Ardoarenak -03) Joan denekoan, ardo-dastaketa batean, ohikoa denez, itaun batekin hasi eta beste batekin bukatu genuen, eta bidean beste hamaika aukera egin behar izan genituen; hau ala bestea, horrela ala bestela, orain ala gero… Ardozale ona izateko test bat zirudien.

Edan ala dastatu
kopa ala edalontzia
urtekoa ala ondua
ez dakit
ez eman aukeran
taberna ala ardandegia
botila ala zahatoa
hangoa ala hemengoa
gorde itaunak
eta
atera hurrengoa
 
edale kaxkarraren bentajak
 
zuri eta beltzaren artean 
beti laino
egun eta gauaren artean
insomnio apur bat
egia ala gezurra
aukeran jarrita
entzun nahiko ez zenukeena
eta 
bakea ala gerra
itaunduta
oraindik ezagutzeke duguna
 
edale kaxkarraren bentajak
 
gaizto ala zintzo
pentsatu ala hausnartu
maitatu ala desiratu
begiratu ala ikusi
entzun ala ulertu
hotz ala bero
ezker ala eskuin
gora ala behera
eme ala ar
eten galdeketa
eta
atera hurrengoa
 
edale kaxkarrok ez dugu
zertan
hain bitarrak izan
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up