Goseak akabatzeko modu asko daude, galdetu bestela Helim Bolek Group Yorum taldeko kantariaren lagun, senitarteko, zaleei… Kantatzeko eskubidea aldarrikatzeko egindako gose greba baten ondorioz hil berri da. Kantatzeko eskubidea aldarrikatzeagatik akabatu dute Helim Bolek. Bururatzen al zaizue arrazoi handiagorik! Datuei begiratuta, arrazoi duzue, txikikeria izan daiteke aipamena, bere populazioaren ehuneko handiegia gosez hiltzen den planetan bizi garela kontuan hartuta. Baina, azken finean, esan daiteke Helim Bolek akabatu duen sistema berak akabatzen dituela, hein handi batean, gure planeta-kideak, eta bide batez, abiada gero eta azkarragoan, baita planeta bera ere. Barkatu apokaliptiko samarra jarri izana, beno, korporatibista, hobe esateko.
Goseak beti eragiten baitigu ezinegona, batez ere, gosea zer den ez dakigunoi, edota gose handia jasandakoei, eta azken horiek badakite, gosea pasatzeko modu asko daudela, baita ere, ikusezinak, geldoak, sotilak direla ankerrenak. Zeren eta jakin nahiko nuke zenbat musikari ez ote den, une honetan bertan, munduko hamaika ziega, zulo, bazter, mendi, klandestinitatean gosea pasatzen ari, besteak beste, kantatzeko eskubidea aldarrikatzen. Haatik, norbaitek ba al du erroldaren bat, endemikoki prekarietatera kondenatutako zenbat musikari ote dagoen gosea pasatzen, urrutira joan gabe, euskal-oasian, konfinamenduak bere ogibide ezinbestekoa kendu diela eta. Ez da broma, ez da esajerazioa, ez da gehiegikeria. Baina musikariek jaten al dute? Galdetuko du baten batek.
GARA 2020/04/09