Gutun irekia

Musikari lagun, ezagun eta ezezagun maiteak, proberbiala da gure bihotzaren zabaltasuna, batik bat, ingurukoak larri estutzen dituen egoeren aurrean. Jar dezagun kataklismo bat, gerraren bat edo, zergatik ez, pandemiaren bat. Idazleek, bereziki poetek, hamaika aldiz goraipatu dute zuen gaitasuna sasoi ilunetan jendeari adore, kontsolamendu edo poz pixka bat ekartzeko. Adibidez, nork ez du gogoratzen milizianoa erasoan fusila eskuetan eta trikia zintzilik bizkarrean. Pete Seeger kantari Washingtongo martxaren ondoren, edota, Bob Hope pazifikoko soldaduei emanaldia eskaintzen Guadalcanaleko hondartzan (Marta Sanchez kastizoak, antzeko zerbait egin zuen lehenengo golkoko gerran, marinel espainolentzat Numancia fragatan). Iruditeri kolektiboa beteta dago gure konpromisoa, borondate ona eta kalamidadeei aurre egiteko gaitasuna islatzen duten uneekin. Alde horretatik ezer esatekorik ez.

Baina, aizue, gogoratu beharko genuke ez garela bakarrik bizi munduan. Ohartu al da, azpian, zorionez, oraindik lanean ari den okina bizi duela, gauero 23:00etan, leihora saxoa jotzera ateratzen den laugarren solairuko bizilaguna? Hala bada, ezagutzen al ditu lanbide horren ordutegiak? Badakit zaila dela, bihotz berotasunak eramaten gaituela, zaldi zoroa dela sormena, eta hainbeste dugula ingurukoei eskaintzeko (nahiz eta, gehienetan, haiek ohartu ez). Baina, biziki eskatu nahiko nizueke, ahalegin bat egin eta kaka gehiegi ez emateko zuen bizilagun, dagoeneko, nahiko estresatu eta histerikoei, ez dakigu, oraindik, gauzak noraino okertu daitezkeen. Mila esker, eta orain banoa Katangako plazoletakoei kontzertua ematera.

GARA 2020/03/26

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up