Hileta ala festa

Diskoetxeak (diskoetxe bezala) desagertu egin direla zioen Anjel Valdesek duela ez asko egindako elkarrizketan, eta ez dakit poztu ala tristatu. Ikuspuntu kontua, zalantzarik gabe, baina, egia da, berari ere ez zitzaiola nostalgia handirik nabaritzen. Musikarena tragikomedia da! Baina, Valdesek esan badu… jaramon egin. Batetik, euskal industria musikalaren erreferenteetako bat izan delako azken hamarkadetan, eta bestetik, euskal musikagintzaren gaineko ikuspegi pribilegiatua duelako; undergroundarena, stablishmentarena, musikariarena, ekoizlearena… Heriotz-akta sinatu eta zer antolatuko dugu, beraz, hileta ala festa? Agian, biak batera, lehengo lege zaharrean. Gonbidatuta zaude lagun.

Esaldi kategorikoak baditu hertzak, ordea. Jar dezagun, adibidez, ez direla diskoetxeak baizik eta haiek ulertzeko modu jakina hilkutxan datzana. Ez al litzateke, orduan, egokitzen jakin ez duen industriaren sinboloetako bat desagerpena? Non kokatuko genituzke, bestela, azterketa horren arabera, ZART, Bidehuts, Mukuru edo Erraiak bezalako kolektibo/zigiluak? Ez dut korporatibista izan nahi, baina, denak musikarien elkarlanetatik abiatutakoak. Ez al litzateke, beraz, amore emate moduko bat diskoetxearen lana, hamarkadetan pilatutako katalogo ikaragarri horren kudeaketara mugatzea? Beno, guk egin dugu gurea, hemendik aurrera zuen kaxara moldatu… esatea bezala? Bale, ageriko kontuak dira orain arte aipatutakoak, hau da galdera zaila; beraz, zer demonio egin beharko luke diskoetxe batek, Euskal Herrian, egun eta hemendik aurrera?

GARA 2020/08/06

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up