Gora herria!

Lotsatuta nabil, Arantxak eta Nekanek, arrazoiz nire, beno… gure, jarrera utzia eta axolagabearen gainean kargu hartu ondoren. Askoz ere gehiago espero zuten gugandik, herri xehearengandik, ataka zail honetan… Ai Nekane, ai Arantxa, zenbat topiko ez ote zaizkizue krasketako handi batez jauzi euskal autonomia erkidegoko biztanleen gainean? Ardurak hartzeko gure gaitasun mugagabeaz. Egoera zailenetan aurrera egiteko trebeziaz. Eta zer esanik ez, emandako konfiantza 10 aldiz biderkatuta itzultzeko eskuzabaltasunaz. Non ote da eskatutakoa espero baina askoz ere hobeto egiteko, bardo guztiek goraipatutako euskaldunon trebezia milenarista?

Populuak ez du, ordea, beti egoki erantzuten; arlotekeria eta azalkeria ditu nagusi, epelkeria eta arduragabekeria arau, insubordinazioa eta errespetu falta lege. Ez, orain badakizue, herritarrak ez gara zintzoak. Gaixo Nekane, gaixo Arantxa, bakarrik une lazgarri hauetan, ahalegin betean, dena gure hobe beharrez egiten, egoerari behar bezala erantzuten ardurarik hartu ez, eta eskatu, eskatu, eskatu baino egiten ez duten herritar berekoien hordez inguratuta.

Horregatik nabil lotsatuta, ezin eraman hain jende jatorraren itxaropen eta uste intimoenen leherketaren erantzuleetako bat izatea. Ulerkorregiak izan zarete, ez zaituztegu merezi, ez dakit nola jarraitzen duzuen aurrera. Prest nago merezitako penitentzia eta zigorrak jasateko, baina emaguzue azken aukera bat, mesedez. Orain badakit eta; lan egiten duen herria ez da inoiz kutsatuko, gora herria.

GARA 2020/08/30

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up