Zaila da halako tenplea duten diskoak topatzea gurean. Horixe erantzungo nioke, norbaitek, Antton Valverderen disko berriaren gainean galdetuko balit. Zer den tenplea? Hortxe dago koska. Kantu-bilduma honi darion heldutasuna, nortasuna edo gardentasuna aipa daitezke. Esan daiteke, 14 urtez diskorik argitaratu gabe egon ondoren lan berria kaleratzeko sortzaileak behar duen kemena, hori ere badela, tenplearen adibidea. Kantu hauei darien edertasun sotila gehitu daiteke zerrendara, makillaje askorik behar ez duena, elementu gutxiren erabilera inspiratuarekin eraikitakoa eta erreferentzia klasikoez josia. Zer da bestela tenplea? Sortzaileak modetatik, korronte orokorretatik, artifizioetatik ihes egiteko erakusten duen egoskorkeria osasuntsua? Egin proba, jarri diskoa, itxi begiak, ea zein garaietan kokatzen duzun zure burua, ezetz ados jarri! Hain izan daiteke atenporala kantu-sorta hau, halako nortasuna du… Ez da sprintean aritzekoa Valverde jauna, bide luzeko kontuak maite dituela dirudi, agian horregatik kaleratu ditu hain disko gutxi, 50 urteko ibilbide musikala bete arren.
Ez Dok Hamairuko garaietatik hona, gehienbat, bakarka, zein beste egileekin batera, garatutako disko kontzeptual jakinei lotuta egon da haren izena. Esan daiteke, ordea, guztietan nabarmendu direla bere musikaren lau zutabe nagusiak; joskera kultuekiko zaletasuna (musika klasikoa…), herri musikarekiko maitasuna, 60.ko chanson frantziarrarekiko miresmena eta poesiarekiko atxikimendua. Elementu guzti horien emaitza da Valverderen kantugintza, eta oso nabarmen agertzen dira guztiak, baita ere, Gaua. Ausentziaren Itzala diskoan.
Sei Silabako Gauak kantuak irekitzen du lana, eta alderik klasikoena sumatuko duzu. Diskoa ixten duen Presentzia lirikoak, berriz, Valverderik “chansonzaleenaren” berri emango dizu melodia inspiratu eta lelo ia “poperoarekin”, (egin proba mentala, kendu biolin, txeloa eta pianoa, eta haien ordez, jarri gitarra, baxu eta bateria. Bidean, berriz, Lauxaterakin topo egingo duzu Salbatore Mitxelenaren Gorputz Dago Gudaria poemaren bidez, eta Zuberoako Buhameek sartu irten bat egingo dute diskoan Buhamejaunaren Pheredikiaren bidez. Tartean piano eta soka moldaketa eraginkorrak, existentzialismo ukituak, epikotasunaren eta gozotasunaren mugetan dabiltzan melodiak, eta noski, Valverderen ahots zuzena, hurbila eta jakintsua. Horixe izan daiteke disko honen edukiaren laburpen bat. Valverderen poliedro musikalaren adibide bikaina, edadean aurrera joanda ere, sortzaile senari bikain heltzen dion artistaren lekukotza.
BERRIA 2021/01/24