Toponimia


Zenbat plazak du Euskal Herrian musikari baten izena? Ez naiz ibili denak zenbatzen, baina, adibiderako balio dezan, badira 12 bat Maurice Ravel karrika (Googlemapsen begiratu dut)  eta  beste hainbeste Iparragirre kale (hau ere informazio trafikatzaile handienak baieztatuta )Beno, bada zerbait, adibidez bost Elkano kale baino ez zaizkit agertu eta 10 bat Agirre lehendakari izena dutenak. Harrapazank!

Ez bilatu, ordea, Laboa kalerik, Loiolako erriberetako pasabide bat izan ezik, Txirrita bertsolariak hiru baino ez ditu, eta ezinezkoa da hilda 70 urte baino gutxiago daraman musikariren baten izena duen plakaren bat topatzea inon. Zeren eta, ez gaitezen engaina, aspaldi hilda egon behar du kale baten izena jasotzen duenak. Izendapena jasotzen duen garaietarako politikoki zuzena izan behar du eta, badakizu, ez dago denbora baina distantzia aseptikoagorik, zorrotzagorik, higienikoagorik. Zenbat aristokrata, zenbat erlijio-gizon eta emakume, zenbat militar,zenbat politikari (eskuin muturreko, oso eskuineko, eskuineko, edo zentro-eskui neko), eta haiek izendegietan utzitako hutsuneak betetzeko, azkenik, goseak, gaixotasunak, utzikeriak hildako zenbat artista?


Hilda edo hilaurren egon behar du musikariak (eta kulturgile oro esango nuke) omenaldi publikoren bat jaso dezan. Zer esanik ez, azken hamarkadetako eraikuntza leherketa basatiaren ondorioz, inon falta ez diren izkin, bazter, zubi, plazatxo, igarobide, tunel, jolas-parke, etxe-azpi, eskailera mekaniko, parking, edo dena delakoren baten izenburu bilakatzeko.

GARA 2021/01/21

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up Scroll Up