Zer egin behar du euskal musikari batek Youtuben 140.000 bisita edukitzeko? Chil Mafiakoei, klub esklusibo horretara iritsitako azkenei galdetu behar, neuk ez baitaukat ideiarik. Morauren bideorik arrakastatsuena ez da 2000 bisitetara iritsi. Izan daiteke ongi diseinatutako kanpaina bat, trikimailu eraginkor sorta bat, beregana arreta erakartzen iaioa den artistaren eskarmentua, izenaren dirdira, zorte hutsa… Bai, edo freskotasuna, lotsagabekeria, lubakietako zarata pizteko gaitasuna edo karanbola. Bigarren hau, da inondik inora dibertigarriena. nahiz eta sare sozialetako zarata jasan behar.
Bejondeiela gazteei, gustatu zaienek ikusteaz gain, gustatzen ez zaienek ikustea lortu dute, behin baino gehiagotan esango nuke. Hori baino alkimia hoberik arreta bila dabilen artistarentzat. Noski ez direla Sex Pistoleskoak Good save The Queen Tamesis ibaian kantatzen, Buckingham jauregitik hurbil, erreginaren urtebetetze egunean. Ezta ere, Las Vulpes Yo Quiero ser Una Zorra kantatzen larunbata eguerdian telebista espainolean. Eta zer… Ez dut uste horretarako asmorik zutenik, musikariak ateratzen zaiona egin du, nahi zuen moduan erakutsi du, eskura zituen baliabide urriak erabiliz, eta bertute adina eskasia agerian utziz. Ongi etorria eskandalua!
Ez, sexua, drogak eta rock-and-rolla, ezta ere, herpesa, talkoa eta tekno-popa, ez keba, Lete, drogak eta trap-a, hortxe hiruko santu berria. Ez al da paradoxa ederra! Oiartzuarrak zer esango lukeen jakin behar. Ez da inor animatuko Txanogorritxurekin? Benga gaztiak, eman egurra!