Zenbait zapore

DISTRITO FEDERAL

MEXICAN INSTITUTE OF SOUND

El Volcan Musica 2021

Badira urte batzuk, mexikar elektronikak entzute handi lortu zuena, batik bat joskera herrikoien eta musika elektronikoaren arteko nahasketa irudimentsua zela medio. Nortec collectivek, adibidez, musika norteñoa zuen lehengai, eta dantza pistetara eraman zituen Tijuana, eta bide batez, mugako izpiritu musikal eta soziala, soinu-txiki eta corridoak tartean. Horretarako errazkeriak alde batera utzi zituzten, eta bestalde, hain mexikarra begiztatzen zaigun irudimen, apur bat magikoa, erabili zuten lanabes gisara.

Hari horretatik tiraka, 2006ean kaleratu zuen bere lehen lana Camilo Larak, Mexican Institute of Sound izena aukeratu zuen eta Mexico Magico jarri zion izenburu diskoari. Garbi zegoen zein erroei begira jarrita zeuden musikariok, eta nola aldarrikatzen zuten haien proposamen musikalaren mexikartasuna. Nahiz eta oso Mexiko ezberdinez aritu batzuk, zein besteak.

Mexico DFkoa da Camilo Lara, eta nabaritzen zaio, haren diskoek badutelako munduko hiri handienetakoari dagokion kosmopolitismo ukitua. Bai jorratzen dituen erritmo latinoetan (cumbia, bolero, cha-cha-cha, mariachi…), zein horiekin jolasteko darabiltzan osagai elektronikoetan, pop musikatik hurbil, eta erritmorik bortitz eta makinistenak alde batera utzita. Horretaz gain, haren kantuak bertako kaleetatik atera berriak dirudien pertsonaiez eta istorioz josita daude.

Adibidez, trapero baten iragarkia izan daitekeenak irekitzen du, bere hiriari omenaldi gisara eraikitako Distrito Federal lana. 50. hamarkadako musika gogoratzen duen giro etereoz hasi eta gitarra elektriko zaratatsuen oihartzunekin amaitzen den “Se Compra” kantua. Baina ondoren, soinu-txikiek polka bat azaleratuko dute, chicharen izpiritu jostalariz josia. Nabarmena da disko osoan cumbiarekiko atxikimendua “Dios” izan daiteke horren adibide, baina baita ere, La Perla hirukoak rap aldera biratzen duen “El Antidoto”, edo “Cruzando el Rio” klasikoagoak.

Zorionez, nahiko presente dago lan honetan banda mexikar musika, hip-hopera lerratutako “Vamos” eta diskoa ixten duen “The Lunatics” Sinaloako Banda Misteriosaren laguntzaz burututakoak, adibidez. House ukituren bat ere bada “Mi America Is Not Your America” dantzagarrian, baina ez larritu, gero badator bolero bat “Paloma”, eta badago, baita ere, 60.hamarkadako pop ukiturik “La Luna De Noviembre” (Los Tres Sudamericanos aluzinatu batzuena dirudi), baina hori bai, dena Mexican Institute Of Sounden prisma koloretsu, irudimentsu, eta finaz jantzia. Ez da harritzeko Mexican Institute Of Soundek lau urte ematea kantu-bilduma hau osatzeko. Hainbeste kolore, zapore eta usain ditu!

BERRIA 2021/02/21

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up Scroll Up