Landakoa

Gero eta maizago irakurtzen dut musika urbanoa etiketa, definizioa, kategoria… zertaz ari diren oso argi jakin gabe. Intuizioaren, eta hari lotutako burutazioen hariari tiraka ondorioztatu dut, etiketa horrekin izendatzen dela hip-hoparen iraultzaren ondoren, irekitako esparru musikal zabal, askotariko eta aldakorra. Grimetik reggaetonera, trapetik cumbia elektronikora… Ez da nolanahiko entsalada musika urbanoen babesean gatzozpindutakoa. Hala bada, ez da lehenengo aldia urbano hitza adjektiboa bihurtu, eta espresio kulturalen baten itzala, luzatu eta apur bat, bederen, hanpatzeko erabiltzen dena. Joera jakin bati dirdira gehitzeko ohiko modua bilakatu da.

Adibide asko daude. Oso urrutira joan gabe, 70ko hamarkada amaieran, Miren Aramburu, Ruper Ordorika eta Iñaki Eizmendiren inguruan zabaltzen hasi zen kantugintza urbanoa etiketa. Erabateko kalekumea naizenez, ia militantea, ez daukat ezer urbano hitzaren aurka, baina gaur egun, 2021ean zer ez da urbanoa? Ez dut ulertzen, ordea, zergatik oraindik, erabiltzen den urbano hitza “modernitatearen”, berrikuntzaren, edota unean unekoaren erakargarritasunaren sinonimo gisara. Landatarra, baserrikoa,… neurriko antonimo bihurtzen da, gainera, zaharraren, erakargarritasun gutxikoaren eta betikoaren isla.

Guzti honetaz zer pentsatuko ote luke 1985ean, lehenengo aldiz, Aizarnako plazan OK Korral taldea “nola egiten dute amodio baserriko neskatilak…” kantatzen entzun zuen baserritar gazteak? Ah ez, rock & rolla ez da urbanoa.

GARA 2021/10/14

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up