Jarrera sinesgarria

Gaurkoan zuzenean helduko diot gaiari. Jarrera sinesgarriaz arituko naiz, ahalik eta modurik sinesgarrienean, noski, alferrikako baita sekulakoak eta bi botatzea, ondoren, esandako guztiak zuzentzen ibili behar izateko. Deitu praktikotasun, alferkeria edo eskarmentu, baina “pulpituan” ez hitz eman ezer, gero ezin baduzu handik jaitsitakoan, esandakoarekin, neurri handi batean konplitu. Adibide franko daude; ez da oso txukuna, esaterako, black metal satanikoa egitea, eta gero lagunen ezkontzetan himno kristauak kantatzea. Zer deritzozu, bestela, eta hau larriagoa da, emakumeen aurkako gehiegikerien aurkako telemaratoiaren kamerinoetan makillatzaileari ipurdia ukitzeari? Txikikeria izan daiteke, noski, komunikabide boteretsuenek bultzatuta, artistarik puntakoenak bildu dituen Drogen aurkako jaialdian, lepo jarrita agertzea. Baina kezkagarria iruditzen zait, euskararen aldeko jaia bukatzeko, gure hizkuntzaren, erabat maitatuaren, aldeko himnoarekin entzuleen bihotzak hunkitu ondoren, oholtzako eskailerak jaisten ari diren taldekideek hitz bakarra ez egitea euskaraz.

Zerrenda nahi adina luza dezakegu, beti dago eta ingurua gainbegiratzeko mikroskopioaren lentea zorrozterik. Soka horretan, bakoitzak gure fobia, filia, sinesmen, hautu ideologiko edota izaeraren arabera neurtuko ditugu besteen ekintzak. Baina, erne, modu berean, neurtuko gaituzte besteek ere. Beraz, komeni da haiei pasa arazten diegun zinezkotasun detektagailu beretik gure burua pasatzea. Ah Georgie Dann, hori bai tipo benetakoa!

GARA 2021/11/25

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up