Koherentzia

Jarreraren gaineko trilogia amaitzeko, badirudi koherentzia dela jarrera sinesgarriaren gakoa. Horretan ados nago @SnOiD_jaunarekin, baina zerekiko/norekiko koherentzia hartu behar da kontuan norbaiten benetakotasuna neurtzeko garaian?

Robert Jonhson arrakastarekiko oso koherentea izan zen bere burua deabruari saldu zionean historiako blues musikaririk handiena izatearen truke. Baina, era berean, Milli Vanillik, zerekiko koherentzia erakutsi zuten, mundu mailako arrakasta lortu zutenean, inork ezagutzen ez zituen beste bi kantariren ahotsen gainean playback eginez? Oso koherenteak izan ziren, noski, ezagutza publikoa lortu eta diru puska bat poltsikoratzeko edozer egiteko prest zeuden. Beraz, eta argudioak apur bat bihurrituta, hauxe bururatzen zait: posible al da zeure buruarekiko koherentea izanda arrakasta lortzea?

Agidanez, kasu batzuetan bai, ziurrenik, ospea lortzeko edozer egiteko prest dagoenak berdin jokatuko du musikari, aktore, kutxazain zein doktore; beraz, zergatik ez… Zer axola dio musikarekiko koherentziak, musika bera, kantua, sorkuntza… arrakasta soziala edo, besterik gabe, hilabetero soldata erdi-txukuna lortzeko beste baliabide bat baino ez bada.

Koherentziak bi muga ditu; iparraldean superbizitzea, eta hegoaldean besteek gure buruaz duten ustea. Bien arteko oreka egokiak ematen du gure sinesgarritasunaren berri. Zein aldetara begiratu, nora egin tira… horren araberakoa izango da, besteen aurrean, dugun irudia. Kontua ez da zein den koherenteena, baizik eta zein ideiarekiko den koherenteena.

GARA 2021/12/09

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Scroll Up