Laugarren egunari martxa onean ekin genion, gitarra pare bat konponduz, ondoren, nire ahotsekin hasi behar genuen. Diskoaren alderik “delikatuena”. Nahiko ongi jardun omen nuen (niri ez galdetu), eta arratsaldea ongi aurreratuta 11 kantu eginak nituen. Zelako astindua hartu nuen! Pozik joan ginen etxera, asteartean jai genuen, eta asteazkenean amaitzeko asmotan oheratu nintzen.
Usteak ordea erdi-ustel, Peioren arratsaldeko dei batek gure planak atzerarazi ditu, hamar bat egunerako edo… Hantxe daude trasto guztiak, Azkaraten, ezin haiek jaso gaisorik ez gaudela ziurtatu arte. Gu, berriz, etxean, badaezpada ere. Ez da harritzeko, azkenean, egoerak harrapatu gaitu.