Denboraren makina

-Kantua gu bezala ulertzen duen gero eta jende gutxiago zegok motel!-Esan zidan lagun kantugile batek. Ez dut gogoan zer erantzun nion, agian, baietz egingo nuen buruarekin, adostasuna erakutsiz. Ziurrenik beste moduren batean adierazi nion arrazoizkoa iruditzen zitzaidala bere iritzia. Baina, etxerako bidean ohartu nintzen, berandu ohikoa den moduan, azkarregi eman nuela ontzat lagunaren esana. Lehenik eta behin, ausardia suizida samarra delako kantua, laguna eta bion modu bertsuan ulertzen ez duen gizateriaren zati, handi-xamar, horren kantu-zaletasuna epaitzea. Hortik urrats txiki bat baino ez dago – gazte hauek arrakasta baino ez dute nahi, itxurakeria baino ez dute maite, etab, etab… – esatera, eta behin muga hori igarota, akabo, dena bihurtzen da katastrofe, nostalgia eta pena. Munduak zor diguna, eta sekula ordainduko ez duena. Akabo garai onak. Lerdoz inguratuta bizi gara…

Baina, gainera ohartu nintzen, ideologikoki apur bat mizkin jarriz gero, agian ez zirela hain antzekoak lagunaren eta bion kosmogonia musikalak. Errazegi parekatu genituela, alegia, azalekoari helduta, nolabait. Azken bi bale bakartiak, hilaurren, itsaso arrotzean, elkar topatzen dutenean, batak besteari erakutsi beharreko kidetasun adeitsuaren adibide. Eta orduan beranduegi, beti bezala, bururatu zitzaidan erantzuna lagunak esandakoarentzat. Hurrengoan, gauza bera esaten badit, -Eskerrak!- erantzungo diot -begira zer egin dugun kantuarekin-. Ba al du norbaitek denboraren makinaren bat alokagai?

GARA 2022/11/10

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up